Euskaraldiko bi hamaikakoen aurkezpen ekitaldia izango da ekainaren 22an

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Azpeitian | Euskara | Artikulua
2018-06-14 17:09

Hainbat esparrutako 22 azpeitiarrek konpromisoa hartu dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldiarekin bat egiteko. Beraiek izango dira gure herriko lehen Ahobiziak eta Belarriprestak. Herritar guztiak daude gonbidatuta ekainaren 22an, ostiralean, plazan egingo dugun aurkezpen ekitaldira, 18:30etik aurrera.

Azpeitiarrok ere bat egin dugu Euskaraldia egitasmo nazionalarekin. Apirilean hasi ginen lanean, eta herriko aurpegi ezagunek bat egin dute proposamenarekin. Hori dela eta, Azpeitian bi hamaikako aurkeztuko ditugu ekainaren 22an, ostiralean, 18:30etik aurrera, plazan. Bi hamaikako horiek osatuko dituzte Euskaraldiaren joko-zelaiko lehen taldeak, beraiek izango dira lehen Ahobiziak eta Belarriprestak. Kulturako, kiroleko, hezkuntzako, arlo sozioekonomikoko, komunikazioko… pertsonak izango dira protagonista lehen kolpe honetan. Haiek hartuko dute testigua; ondoren, herritar guztiak anima gaitezen euskararen alde gure ohiturak aldatzera. Horregatik azpeitiar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurkezpenera.

Zer da Euskaraldia?

Txikitik handira eragin daiteke. Norbanakoen ohituretatik hasi, eta mundua aldatu. Hori proposatzen du Euskaraldiak, gure eguneroko ohiturak aldatzen hastea, Euskal Herrian euskaraz gehiago egiteko. Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Azpeitian ariketa bat proposatzen dizuegu, hizkuntza ohiturak astindu eta mota guztietako harremanetan euskara gehiago erabiltzeko. Honakoa da helburua: euskararen erabilera areagotzea, hau da, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz aritzea.

Ahobizi eta Belarriprest figuren bidez egingo dugu ariketa. Ahobiziek euskaraz egingo dute beti lehen hitza, eta euskaraz hitz egingo diete hizkuntza ulertzen duten guzti-guztiei. Belarriprestak izango dira euskaraz ez dakiten arren, ulertzen dutenak; edo euskaldunak izan arren, erdaraz hitz egiteko joera dutenak, eta hori aldatzera animatzen direnak. Haiek bidea irekiko diete euskaldunei, eta eskatuko dute beraiei ere euskaraz zuzentzeko. Horrela, bi norabideetako elkarrizketei zilegitasuna ematea da helburua.

Proposamen nazional hau Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Elkargoak eta Topaguneak sustatu dute. Azpeitian, hainbat eragile eta norbanako ari gara lanean Euskaraldia antolatzeko eta zuek guztiak egitasmoaren berri izateko, Azpeitiko Udalaren eta UEMAren laguntza eta babesarekin.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa