Olatz Alkorta: "Beldurra baino errespetua diot bikote harremanari"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2019ko urt. 24a, 16:31
Olatz Alkorta.

Margolaria eta erizaina da Olatz Alkorta, eta  berari egokitu zitzaion Uztarria aldizkariaren 2019ko urtarrileko zenbakian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Noiztik sentitzen duzu margotzeko desioa?

Txiki-txikitatik. Margotzen, batez ere, istripu baten ondoren hasi nintzen.

Mundu erotikoa mural batean marrazteko eta hori egia bihurtzeko boterea bazenu, zer irudikatuko zenuke?

Bururik gabeko gorputz biluziak irudikatzen ditut horma handi batean. Kolore guztiak egongo lirateke bertan, nahastuta.

Noren gorputzean marraztuko zenuke gustura?

Gardena eta errespetuzkoa den pertsona baten gorputzean.

Zeintzuk dituzu nahiago: kolore hotzak ala beroak?

Beroak, horiekin gehiago transmititzen dela iruditzen zait. Gorria da gehien gustatzen zaidan kolorea.

Harremanetan, margolan abstraktuak edo errealistak nahiago?

Abstraktuak. Behin ere ez dakizu zer etorriko den...

Ligatzerakoan: trazu azkar eta potoloak edo meheak eta detailatuak?

Azkar eta potoloak nahiago ditut.

Laztanak jasotzeko gorputz atal bat?

Bizkarra.

Jolaserako baliagarria da?

Irribarrea.

Aske dantzatzeko musika eder bat?

Inguru eroso batean, musika guztiak dira onak.

Irakurri duzun liburu erotiko bat?

Cuando el negro se hace rosa.

Nola zaintzen dituzu harremanak?

Behar denean egonda eta behar dudanean jasotzen jakinda. Elkar zaintzea garrantzitsua da.

Negu hotzerako plan bero bat?

Mantapean pelikula bat ikustea.

Gainditu beharreko beldur bat?

Beldurra baino errespetua diot bikote harremanari.

Gustukoa duzun ilustratzaile bat?

Amaia Arrazola.

Pintzelaren puntan esan gabe gelditu zaizun zerbait?

Dena esanda gelditu da.