Iñaki Amubieta: "Neskek eta mutilek sexualitatea ezberdin bizi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2017ko mar. 30a, 12:30
Iñaki Amubieta. (Maialen Etxaniz)

Iñaki Amubieta banatzaileari egokitu zaio martxoko Uztarria aldizkarian Erotikan Plax! ataleko sexu-galderei erantzutea.

Lanbidez banatzailea zara. Zer duzu gustuko zure lanetik?

Nire erritmoan ibiltzeko aukera izatea, inoren kontrolik gabe. Eguraldi ederrarekin pasiera eginez banaketa egin eta jendearekin hartu emanean egotea ederra da, gustatzen zait neure lana.

Atez ate joanda, hartu al duzu inoiz sorpresarik?

Ez bereziki. Kamisoiarekin noizean behin bakarren bat. Egia esan atea ez da askotan irekitzen.

Zer jasotzea dugu gustukoen azpeitiarrok?

Uztarria bera, esaterako.

Zer banatzeak emango lizuke plazera?

Bakoitzari zerbait ematea: irribarre bat, hitz polit bat, begirada bat...

Paperezko maitasun eskutitza edo emaila nahiago?

Ohituraz, gaur egun, emaila. Email eder bat ere egin daiteke, hitz eta irudi ezberdinekin.

Zure maitasuna ere jende askori banatzen diozu?

Lanean saiatzen naiz horretan. Arreta eta garrantzia berezia ematen diot jendearekin sortzen dudan harremanari. Lanean dudan helburuetako bat da.

Hainbeste banatzen duenak, hainbat jasotzen al du?

Bai, bai, jendearekin beti jasotzen da. Jende ona topatu dut.

Azkena banatutako udal aldizkarian Plax sexu eta bikote aholkularitzari buruzko informazioa banatu duzu. Zer iritzi duzu zerbitzuaz?

Oso baliagarria eta interesgarria iruditzen zait, sexualitatearekiko dugun ikuspegi itxia eta tabuak gainditzen lagunduko du.

Nola ikusten dituzu azpeitiarrak sexualitate gaian?

Naturaltasuna behar dugu; kosta egiten da lasai hitz egitea. Gainera, oro har, neskek eta mutilek sexualitatea ezberdin bizi dugu.

Sexualitateari buruzko nahiko informazio banatzen duzula iruditzen zaizu?

Keba! Ez, ez, informazio gutxi.

Erotikarekin lotutako aldizkaria banatuko bagenu?

Ez dakit prest gauden hori ondo bideratzeko, beldurra eta kezka nagusituko litzatekeela iruditzen zait.

Janari goxo bat?

Bonboiak.

Oilo ipurdia jartzen dizun abesti bat?

Benito Lertxundi oso gustuko dut.

Gustoko txoko bat?

Ernio.

Oroitzapen polit bat?

Errekan jolasean ibiltzen ginenekoa.