Gazteok argi daukagu: eraso sexisten aurrean, armatuta gaude!

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2023ko abu. 26a, 10:00
Azkoitiko plaza jendez lepo, aurtengo andremarietako txupinazoaren unean. (Aitziber Arzallus)

Andremarietako Kuadrillen egunean Azkoitian bi emakumek jasandako eraso matxisten harira, honako oharra plazaratu du Azpeitiko Ernaik.

Abuztuaren 18an Azkoitiko Txalintxo tabernan bi emakume sexualki erasotu zituzten bi gizonek. Gertaturikoa tabernako zerbitzariei kontatu ostean, erantzun lotsagarriak jaso zituzten erasotuek,  gertatutakoari garrantzia kenduz, axolagabekeria erakutsiz eta tabernatik alde egiteko oihukatuz.

Sexu erasoen aurrean axolagabekeriaz jokatzea eta gertatutakoari garrantzia kentzea erasotzaileen konplize izateko modu bat bat da. Erasotzeko beste modu bat, azken finean.

Horrelako jarrerak onartezinak dira, erasotzaileen zein konplizeen aldetik. Eraso sexisten aurkako protokoloa taberna zein festa gune orotan egon eta martxan jarri beharko litzateke.

Jai giroan gertatzen diren eraso horiek, emakumeok egunerokotasunean jasaten ditugun erasoen islada bat besterik ez dira. Gazteok argi daukagu, eraso sexisten aurrean, armatuta gaude! Autodefentsa feminista!