Errekaleor bizirik, herriak bizirik

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2017ko eka. 2a, 17:23
Errekaleor Bizirik proiektua hamar lagunek hasi zuten duela hiru urte. Etxebizitza problematikari irtenbidea eman nahi zioten ikasle haiek, baina beraiek ere ez zuten espero alternatiba integralago baten hazia ereingo zutenik. Hazi horretatik eta milaka asanbladek ureztatuta loratu dira elikadura burujabetzari begirako proiektuak, kultura askeari eta arteari lotutakoak, euskararen aldekoak... Sistemaren aurkako kontrabotere espazio bat sortu dute elkarlanean bertan bizi diren 150 pertsona inguruk, ume, gazte zein helduk. Gainera, bestelako bizi eredu baten aldeko arnasgunea bilakatu dute espekulazio gosez hustua izan zen auzoa. Izan ere, bertan bizi ziren familiak alde egitera behartu zituzten eta hasierako momentutik bizilagun haiekin hitz eginda sartu ziren Errekaleorreko etxebizitzetan, auzoa biziberritzeko asmoarekin. \ \ Herri boterea desegiteko eraso eta mehatxuak presente egon dira eta daude, ordea, kapitalaren mesedetan jokatzen duten txotxongiloen partetik. Gorka Urtaran EAJko Gasteizko alkateak Errekaleor \"suntsituko\" duela dio bertan eraztun berdea ixteko, alderdi berdinak gipuzkoarroi errauskailua eraiki nahi digun bitartean. Berriro ere, gutxi batzuen poltsikoak, esplotatzen gaituztenenak hain zuzen ere, gure bizitzen aurretik jartzen dituzte. Hipokresiaz leporaino bidali zituzten polizia armatuak auzo askera, indarkeria erabiliz bizilagunak argirik gabe uztera. Auzotarren erantzuna baketsua baina indartsua izan zen aldi berean, eta argi erakutsi zuten auzoak bizirik jarraituko duela.\ \ Azpeititik elkartasuna adierazi nahi diegu auzo askea eraikitzen hainbeste lan egin duten Errekaleorreko bizilagunei. Eraso hau geure ere sentitzen dugu, herri mugimenduari eginiko erasoa den heinean. Proiektu honek ilusioa pizten digu Azpeitiko gazteoi ere, bestelako bizi alternatiba bat posible dela ikusten dugulako. Borroka berdinaren parte sentitzen gara. Horregatik, Sanjuandegiko festetako gazte afarian, gaur 21:00etan, aterako den argazkian parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Bestetik, gogorarazi bihar manifestaldia egingo dela Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta. Han izango gara gu ere, Azpeitiko Ernaiko kideok ere argi dugulako!