Ernaik bat egin du Eleak-Libreko ekintzailearen \"ekintza desobedientearekin\" eta Azpeitian jazotako gertakariekin

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2017ko mai. 25a, 08:57
Joan den ostiralean, maiatzaren 19an, Lurraldebusen autobus bat margotu zuten zenbait ezezagunek Burdinbidearen Euskal Museoaren aurreko geltokian. Ekintzaren helburua zen maiatzaren 13an Usurbilen 'EAJ, Mozal Legeari ez' zioen mezua idazten ari zela trenak harrapatu zuen Eleak-Libre dinamikako ekintzaileari babesa erakustea. Udalak ekintza hori salatu zuen joan den astelehenean.\ \ Azpeitiko Ernaik, bere aldetik, adierazi du \"txalotzekoa\" iruiditzen zaiola Eleak-Libre dinamikako ekintzailearen jarrera. Hala, gazte antolakundeak esan du, \"testuinguru horretan\" ulertzen dituela joan den ostiralean Azpeitian jazotako gertakariak. Ildo horretatik, herriko gazteak \"beldurrak alde batera uztera\" animatu dituzte: \"Aldarri politikoak kaleratu, eztabaidak piztu eta herriko dinamiketan parte aktibo izanez joango garelako herri aske bat sortzeko pausoak ematen\".\ \ Honako hau da Azpeitiko Ernairen oharra, osorik : \ \ \"Mozalik ez!\ \ 'Mozal legea' 2015eko uztailaren 1ean jarri zen indarrean. Bi urte ere ez dira pasa eta 8000tik gora izan dira lege hau aplikatu zaien herritarrak. Hala, 2015eko uztailetik eta 2016ko abendura bitartean, Mozal Legea erabiliz, 11.000 isun jarri dituzte Hego Euskal Herriko bi Polizia autonomikoek, Eleak-Libre mugimenduaren arabera. \ \ Bi legebiltzarretako gehiengoek legea behin baino gehiagotan arbuiatu dute baina ez da nahikoa izan milaka isunei amaiera emateko. Izan ere, 2016ko ekainaren 22an Eusko Legebiltzarrak Mozal Legea ez aplikatzeko erabakia hartu zuen. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuak, ordea, herritarron gehiengoari muzin eginez Ertzaintzak zein Udaltzaingoak legea aplikatzen jarraituko zutela esan zuen. \ \ Espainiar Estatuak protestak eta aldarrikapen politikoak zigortzeko formulatu zuen lege hau. Errepresio ekonomikoaren bitartez herri mugimendua desmobilizatzea du helburu. Gainera ekintzaileen autozentsura ere bilatzen du isunei aurre egiteko zailtasunak direla eta. Euskal Herrian eta baita Azpeitian ere urte asko daramatzagu eskubide zibil eta politikoen urraketa egiturazkoa jasaten. Asko izan dira arrazoi politikoengatik zigortutako herritarrak, komunikabideak itxi dizkigute, milaka izan dira atxilotuak eta kontaezinak isunak ere. Frankismotik eratorritako salbuespen arkitekturaren zutabe oso garrantzitsuak zutik iraun dute eta gehiago ere eraiki dira demokrazia faltsuan herri honen askatasun nahia isilarazteko. \ \ Txalotzekoa iruditzen zaigu, beraz, Eleak-Libreko ekintzaileak Usurbilen eginiko ekimen desobedientea eta besarkadarik beroena bidali nahi diogu zaurituari Azpeititik ere. Kontestu honetan ulertzen ditugu aurreko asteko autobuseko gertakariak nahiz Euskal Herriko beste txokoetakoak. Espainiar Estatuan ez gara sekula aske izango, une oro jasango dugu errepresioa, eta horrek, gure independentziarekiko apustuan berresten gaitu. \ \ Hau esanda, beldurrak alde batera uztera animatu nahi ditugu Azpeitiko gazteak. Aldarri politikoak kaleratu, eztabaidak piztu eta herriko dinamiketan parte aktibo izanez joango garelako herri aske bat sortzeko pausoak ematen\".