Nolatan ditu Senegalgo selekzioak Iraurgiko arbeltxoak?

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2014ko ira. 5a, 15:32

Duela bi urte Azpeitian hilabete pasatu zuten entrenatzen, Afrobasket prestatzeko. Ordutik dauzkate Iraurgi SBren arbeltxoak, eta Espainiako Munduko Txapelketan ere erabiltzen ari dira (argazkia). (berria.eus-en argitaratutako artikulua)

Aste honetan irudi harrigarri bat ikusi da: Senegalgo saskibaloi selekzioko hautatzaileak hutsarteetan-eta Iraurgi SB klubeko arbeltxoak erabiltzen ditu Espainiako Munduko Txapelketan. Nolatan?

EAEko Federazioarekin harremanetan jarri ondoren, Senegalgo selekzioak duela bi urteko udaran hilabete bat pasatu zuen Azpeitian, 2013ko Afrikako Txapelketa —Afrobasket— prestatzeko. Loiola auzoko hotel batean hartu zuen ostatu, eta Azpeitiko kiroldegian entrenatu zen. Azpeiti, Azkoiti eta Zestoako kluba da Iraurgi, eta hango zuzendari Jose Luis Zubizarretak ematen zizkien instalazio giltzak, entrena zezaten. Uztailaren 6an Euskadi selekzioaren aurka lagunarteko partida bat jokatu zuten, hantxe.

Amistadea egin zuten Iraurgikoekin, eta, adibidez, Urola bailarako klubaren denboraldi amaierako afarian izan ziren Senegalgo hautatzaile Cheikh Sarr eta haren bi laguntzaileak. Sariak eta dena banatu zituzten, eta Zubizarretak Iraurgiko arbeltxo bana oparitu zien.

Iazko Afrobasketen, Boli Kostan, brontzezko domina irabazi zuen Senegalek, etxeko taldea 57-56 hartuta mendean. Angola eta Egiptorekin batera, palmares aldetik, aldearekin, Afrikako hiru selekziorik onenetakoa da Senegal —dominatan, hirugarren da–, baina Afrikako Txapelketan 2005etik zegoen podiumera igo gabe. Iraurgiko arbeltxoak erabili zituzten Afrobasketen eta, zorte ona eman zietelakoan, Espainiako Munduko Txapelketan ere ari dira erabiltzen.

Lehen fasea Sevillan jokatu dute, B Multzoan, eta, laugarren sailkatuta, final-zortzirenetara pasatu dira. Bihar jokatuko du lehen kanporaketa, Madrilen, Espainiako selekzioaren kontra.

"Dagoeneko zaharrak dauzkate arbeltxoak. Berriak bidali beharko dizkiegu...", kontatu dio Iraurgi SBko zuzendariak Berria-ri.