Kateatuta

Erabiltzailearen aurpegia e 2014ko aza. 24a, 10:53

Oso gustatu zait Zezen Beltzen astebukaeran sokamuturraren kontra egin zuten ekintza. Ez sokamuturraren kontra nagoelako, geure kontradikzioak agerian jarri dituelako baizik.

Inguruan ez nuen besterik entzun gertaera jazo ondorengo ordu eta egunetan: ez dagoela horrelakoak egiteko eskubiderik; lurrean eseri zirenean zezenak atera behar zituztela kamioitik, mantsoagatik mugituko zirela orduan; kateatu ziren gehienak kanpotarrak zirela; etc.

Nik pentsatzen nuen, eta pentsatzen dut, horrelako ekintzak zilegi direla, egiten duenak justiziazkoa dela pentsatzen duenean. Normalean, ekintza propagandistikoak izaten dira, "arazo", "injustizia" edo antzeko zerbait salatu nahi dutenak, eta baliabiderik ezean, ekintzaren ikusgarritasuna, eta komunikabideek ematen dioten oihartzuna baliatzen dutenak. Eta behin oihartzun hori baliatuta, helburua lortu ohi du antolatu duenak.

Alegia, pentsatzen nuen ekintza bera dela zilegi, edozeren alde edo kontra delarik ere. Eta aspaldi batean udaletxeko balkoian kateatu ziren intsumituez gogoratu naiz, eta nola baleko ekintzatzat hartu genuen hura. Edo oraindik orain Loiolan egon den herri-harresiaz ere bai. Eta ziur bi ekintza horien zilegitasunaren zalantzarik ez duen askok zalantzan jarri duela sokamuturraren kontra egindakoa. Nik zalantzan jarri nuen behintzat.

Ez dakit hemendik aurrera zer gertatuko den, baina ez nintzateke harrituko horrelako gehiago izango bagenitu herrian hemendik aurrera: oso merkea da katea erostea eta telebistara deitzea.

A, eta burua hotz ez izatea ere oso merkea da, baina oso garesti atera daiteke. Azaroko Uztarria 

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.