Magia ala trikimailua?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Bereziartua 2016ko abe. 6a, 17:36

Magiak hartu zituen Azpeitiko kaleak urriaren 22an. Haurren, gazteen, helduen nahiz helduagoen arrazoia ukitu zuten kalean magia egiten aritu ziren lau magoek. Bai, egia da. Egun hartako egitarauak ekitaldi gehiago utzi zituen Azpeitian, baina ni eta nire inguruan ibili ziren guztiak benetan aho bete hortz utzi gintuena bertatik bertarako magia hura izan zen.

Egia esan behar bada, eguna iritsi aurretik ez nuen magiaz gozatzera kalera irteteko ilusio eta asmo berezirik. Ez al da ba magia haurren kontua? Disneyko filmen aldekoa izatea zaharkituta dago gaur egun, bakoitzak barnean gorde behar izaten duen sekretutxoa da hori. Magia ez da existitzen, ondotxo dakigu hori. "Hori trikimailua besterik ez da", esan ohi dugu. Badaezpada, gainera, trikimailua hitza eta besterik hori ondo azpimarratuta, ez dezatela pentsa horrelako txikikeriek gu harritzen gaituztenik...

Baina, azkenean, kalera irten nintzen. Ni eta herriko beste dozenaka pertsona. Eta han topatu ginen guztiok aurrez aurre magiarekin. Bai, magiarekin. Haurrak zoriontsu ikusi nituen, helduagook sinesten ez dugun hori benetakoa dela ikusi zutelako. Helduenek, gauza asko ikusi dituztela eta, irribarre egiten zuten egun haren magiaz gozatuz, besterik gabe. Eta, gainontzekook? Nola sentitu zenuten magia? Inguruan asko ziren "trikimailua besterik" horrekin galderari erantzun nahi ziotenak. Baina, ezin. Ez baitzen trikimailua BESTERIK. Bestalde, baziren magia existituko ote den barruari behin eta berriz galdetzen ziotenak: "Nire aurrean egin du", "nola egin du?", "ezinezkoa da!", "magia ote da?".

Bakoitzak jakingo du egun hartan zer sentitu edo sinetsi zuen. Argi gelditu dena da magiak baduela tokia gure herrian, gure kaleetan, gure bizitzetan eta, zergatik ez, gure bihotzetan.

 

(Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)