Inoiz ahaztuko ez ditudan momentuak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Bereziartua 2015ko mai. 19a, 11:39

Epaileak jo du txistua eta amaitu da partida. Heldu dela amaiera dio txilibituak, baina nire barrenak hasiera bat dela oihukatu dit. Hasi da ametsa! Inoiz amestu gabeko kimera.

Urtea luzea eta gogorra izan da, lesioek min egin digute, eta beste mila hitz esan ditzakegu denboraldia definitzeko. Agian, lan ona egin dugula ere esan dezakegu, gogor borrokatu dugula eta partidaz partida egin dugula aurrera. Baina ez. Momentu honetan, taldekideei begietara begiratzean, bide horretan egindako irriak, entzundako animoak, bizitako momentuak etortzen zaizkit gogora.

Garaziren animoak, Aitzik zapatila galdu zuenekoa, Maiterekin izandako hizketaldia, Intzaren dutxako hitzak, Itxak lortutako azken puntua, Maitanek eta Anek ulertu gabeko pankarta, Iratik, Naroak eta Maitek aulkitik sufritu beharrekoa, Eneritz, Oihane eta Ainhoa gure txikiak, Gurruren bronkatxoak, Rubio-ren hitzaldiak eta Aritzen barreak.

Eta gaur, beraiekin guztiekin, hemen, Azpeitiko kiroldegian bizitakoa inoiz ahantziko ez dudala ulertu dut.

Urola Kostako Hitza-rako idatzitako artikulua da hau.