Puntuka

Zentzu komunera moldatu edo berau eraldatu

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2023ko abu. 3a, 15:01
Zestoako Gaztetxearen defentsan Azpeitiko txosnagunean. (Azpeitiko Gaztetxea)

Eider Agirrek Urola Kostako Hitza egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Dudarik gabe aipagarriak dira oraintsu izan ditugun bi hauteskunde prozesuetan EH Bilduk izan dituen emaitza onak. Inoiz baino aukera gehiago ditu, momentu honetan, EAJren urtetako hegemonia borrokatzeko. Garbi gelditu da EH Bilduk euskal gizartearen zati handi baten zentzu komunarekin konektatzea lortu duela, baina bi modu daude konexio hau egiteko: bata, zentzu komuna zure posizioetara mugiaraztea; bestea, zure posizioak zentzu komunaren koordenatuetan kokatzea. Kasu honetan, bigarrenaren aurrean gaudela esango nuke. Metodo hau bere eraginkortasuna erakusten ari da hauteskundeetan arrakasta izatera bidean, baina EH Bilduk, hitzez behintzat, indar eraldatzailetzat du bere burua, eta hauteskundeen emaitzek soilik ez dute bere horretan inongo eraldaketarik sortzen.

Ikaragarria izan da ezker abertzaleak urte gutxian eman duen posizio aldaketa. Ezker abertzalearen imajinarioaren baitan, PSOE faxista izatetik, honen gobernua faxismoaren aurkako gotorleku izatera pasatu da, eta Espainia Estatua etsai absolutua izatetik borroka esparru bat gehiago izatera. Iraultzaren aldeko aldarriak (erretoriko hutsak) atzean geratu dira, eta EH Bildu bake sozialaren alde posizionatu da garbi. Hamaika dira adibideak, baina kontua da EH Bildu estatuan zeharo integraturik dagoen alderdi errespetagarri bat izatera pasatu dela, euskal gizartean bake soziala bermatzeko hautagai fidagarria. Honek ahalbideratu du orain arte EAJren alde egiten zuen gizartearen zati batek bere konfiantza EH Bildurengan jarri izana. EAJk eskaintzen zuen egonkortasuna eta lasaitasuna eskaintzen du jada EH Bilduk ere, eta gainera berniz progresista batekin.

Eraldaketari dagokionez, ordea, ezin da gizartea eraldatu zentzu komun hegemonikoaren aurka, baldin eta gizarte kapitalistako klase arteko bake soziala ez bada hankaz gora jartzen. Gainera, ezker abertzalearen posizio aldaketak berak ere ahalbideratu egin du euskal gizartearen zentzu komunean gizarte burgesaren onarpen orokortu bat. Bake sozialaren eta egonkortasunaren ideien gainean lorturiko estatuaren baitako botere kuota bat, beraz, zeharo inpotentea da, gizarte kapitalistaren eraldaketari begira. Honek, praktikan, EH Bildu estatu burgesaren baitako alderdi bat gehiago bezala kokatzen du.

Estrategia honi, komunistok, benetan gizarte eredu kapitalistaren gaindipenaren alde kokatzen garenok, beste eredu bat kontrajarri behar diogu. Estatuaren baitako botere kuotak lortzeko zentzu komunera moldatu beharrean, estatutik at, langileriaren botere independentea ahalbidetuko duen zentzu komunaren eraldaketa baten alde antolatu beharra dugu. Komunismoaren aldeko borroka kulturala. Bake sozialaren eta ordenaren ideiei kontrajatri egin behar diegui klase borrokaren printzipioa, ez baita benetako eraldaketarik izango klase arteko talkarik gabe.

Zentzu honetan kokatu behar dugu Zestoako Gaztetxearen baitan ematen ari den gatazka ere. Gazte Asanbladak adierazi duen moduan, gaztetxea Zentrora lekualdatzeko ideia udalaren ahotik irten bazen ere, geroago atzera egin eta zentroko gaztetxearen aurka posizionatzearen arrazoia herriko sektore kontserbadoreen baitan ordena eta bake sozialaren bere defendatzaile papera babestu beharra da, EAJrekin duen lehia elektoralaren baitan. Horren aurrean, gaztetxe berriak estatutik at antolakuntza independenterako eta zentzu komunaren eraldaketarako borroka kulturalerako baldintzak hobetzen ditu herrian. Hau horrela, zentzu primitiboan bada ere, aipatu bi estrategien arteko talka agertu zaigu Zestoan ematen ari den gatazka honetan.