Eider Agirrek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Eolikoak ere helduko omen dira gure eskualdera, eta bazterrak ederki nahastu ditu albisteak. Ez da gutxiagorako, Norvegiako Statkraft enpresak Iberdrolaren dorrearen adineko diametroa duten bost errota eoliko eraiki nahi baititu Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan. Batzuek jasangarritasunaz hitz egiten digute, besteek naturaren txikizioaz. Batzuek bizi dugun hondamendi ekologikoari aurre egiteko bide dela esaten digute, baina bada horren guztiarenoinarrian interes ekonomikoak daudela dioenik. Heldu da, dirudienez, "kapitalismo berdea".

Argi dago gaur egungo sistema kapitalistak natura txikitzen duela eta energia kantitate ikaragarriak behar dituela bere biziraupena bermatzeko. Hau da, etekin ekonomikoak bermatzeko, gastu energetiko ikaragarria du. Are gehiago, sistema honen funtzionamenduak paradoxa argigarri bat du: ez du axola energia baliabideen kantitateak, gehiago badago edota haren sorreraren edo kontsumoaren efizientzia hobetzen bada, kontsumoak gora egingo du. Horrek errebote efektua izena du, eta ikatzaren erabilerarekin konturatu ziren horretaz. Pasa dira urteak, baina trena ez da gelditu. Funtsean, interes ekonomiko-politikoak agintzen duen sistema batean bizi gara, zeinetan natura bera ere dirua lortzeko bitarteko den. Horren adibide garbia da programatutako zaharkitzea delakoa: gaur egun erosten ditugun objektuen bizitza txikitzearena, aurremeditazioz, berriro eros ditzagun. Dirua, dirua eta dirua.

Horren aurrean, badirudi Statkraftek irtenbide bat planteatzen digula: energia berriztagarriak. Enpresaren izaera publikoa azpimarratu da askotan, horrek enpresa onaren izaera emango balio bezala. Baina gutxik esaten dute badela beste petrolio enpresa publiko bat Norvegian bertan. Beraz, nekez esan dezakegu aldaketa energetiko estrategiko baten parte direla. Aipatutako enpresak Equinor izena du, eta haren errentagarritasuna ezbaian dago, epe luzera begira behintzat. Ondorioz, hor agertu zaigu Statkraft, ziztu bizian puztu eta puztu, Equinorrek Norvegian utziko lukeen zuloa tapatzeko prest.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.