Maite zaituztet

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2017ko uzt. 10a, 11:00

Denbora eskatzen digutenean, badirudi, errazena maitasunari orduak lapurtzea dela. Itxura denez, sentimendu politen altxorra eskuen artean dugunean, galtzeko beldurrak gutxi izutzen gaitu. Besteak beste, berdin zaigu beste norbaitegatik sentitzen duguna edo geure burua maitatzean sentitzen duguna izan, norbait denbora eskean datorkigunean, alde batera uzten dugun aurreneko gauza maitasuna da.

Nolabait, sinetsia dugu maite gaituenak errazago barkatuko gaituela ia ezagutzen ez gaituen horrek baino. Agian, ezetz esaten ez dakigulako izango da, eta ikasi beharko dugu nahi dugunaz gozatzeko denbora hartzen. Beharbada, balio bera ez diogula ematen ez delako ordaintzen, eta ikasi beharko dugu diruak ez duela zoriontasun oro ziurtatzen.

Denborarekin dugun etengabeko gatazkan eternitateraino luzatzen ditugu lana edo ikasketak. Era berean, ez ote dugu uste maitasuna ere eternitatera luzatzen dela inolako arretarik eskaini behar izan gabe? Ez ote dugu uste maitasuna ere berez sortzen, hazten eta amaitzen dela? Ez ote digu pantailaren batek, bederen, maitatzen irakatsiko? Itzal eta argi artean ertz asko ditu maitasunak, besteak beste, ulertzeko, sentitzeko eta bizitzeko moduan. Behin, horretaz solasean ari ginela, maite nauen pertsona batek galdetu zidan: Maite al zara? Ez nintzen gai izan egia erantzuteko. Ordura arte, ez nuen uste nire burua maitatzeko aukerarik nuenik; aldiz, ingurukoek nigatik sentitzen zutena besterik ez zitzaidan axola. Ingurukoen zain, ingurukoen esperoan, eta, aldi berean, nire burua zaindu gabe. Izan ere, nork pentsatu behar zuen nirekin, ez banintzen gai ene buruaz sentitzen nuenaren berri izateko ere.

Oso zaila da zoriontsu zerk egiten gaituen jakitea. Alabaina, bada denborarekin eta esfortzuarekin lortzen duen jendea. Hari horri tiraka, lagun batek kontatu zidanarekin oroitu naiz. Hark zioen, goizero, esnatzeko presarik izan ez arren, zazpietan altxatzen zela ohetik emaztearekin gosaltzeko. Une hori ei zen beraientzat egun guztitik gehien atsegin zutena: biek batera kafea prestatu, gaileta batzuk jan, eta, bide batez, egunari aurre egiteko indarrak ematen zizkietela elkarri. Argi zuen goizetako une horrek zoriontsu egiten zuela, eta, aldi berean, berarekin zegoena ere zoriontsu zela. Une arrunta eta xumea, baina ederra.

Baldintzarik gabe

Bada, ordea, bestelako kasurik ere: sarritan gertatzen zaigu sentimenduen erlojua atzeratua eramatea. Horrela, denbora aurrera doan heinean ohartzen gara berandu gabiltzala, eta, adibidez, loreak biltzera joaten garenean konturatzen gara jada negua dela. Edo biho-tzez atsegin dugun pertsonari beranduegi esaten diogu maite dugula, edo, besterik gabe, ez diogu esaten jada ez digulako en-tzungo. Beraz, ez nuke aukera eta denbora geihago galdu nahi maite zaituztedan orori zera esateko; inolako baldintzarik gabe, maite zaituztet.

(2017ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua).