Izarraitz magalean

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2017ko mar. 28a, 17:46

Mendi magal harritsuak babesten gaitu edo gailurretik begira dugun Inaziok, sinesmenaren arabera hori ere. Eskura dugu mendia hain gertu, eta, tarteka, nahiko urrun. Ihes leku zoragarria izan da gutariko askorentzat Izarraitz, sarritan irtenbide, eta, askotan, motibazio aurrera jarraitzeko. Lotura geografikoaz gain, sentimenduz gogorturiko kate lodia da azpeitiarrok mendi horrekin duguna. Askotan joaten gara lasaitasun bila, isiltasun eskean, eta egun ez dugu entzuten fundizioko labearen hotsik.

Aspaldi hasi ginen Izarraitzen galtzen, horretarako aukerak ematen ditu txikia izanagatik. Hortan ere txikian handi. Eta txikitasun horrek eraman ditu urrutiko tontor altuetara hainbat mendizale fin. Beti ez dira denak gailurrera iritsi, hala ere, txunditu gaituzte haiek eginek. Mendizaletasunaren historian lorpen esanguratsuak eskuratutakoak izan dira Xoxote eta Erlo artean hazitako batzuk, ostera, beste batzuk hain gora iritsi ez garen arren, mendia izan dugu bizitza ulertzeko ardatz. Gurutzatzen gara txarrak, onak eta erdipurdikoak Urretatik gora, eta maila kontuan izan gabe agurtzen gara.

Izarraitzen eraikiriko amets ugarik egin dute ihes norabide jakinik gabe. Harritzekoa dirudi, baina bizipozaren iturri dena ezingo genuke ulertu heriotzik gabe. Arriskuak gainditzeak sentimendu itzela dakar berekin, eta, besterik gabe, horrek sortzen duena ederra da. Baina hutsuneek uzten dituzten itzalek arantza zorrotzak dituzte eta min sakona eragiten dute, hau da: zauriak eta orbainak; atsekabeak eta malkoak, eta beldurrak eta aingurak.

Begiak zorroztuta

Bakoitzak bere bizitzaren historia idazten du, lehen koadernoan eta orain Facebooken, eta, jakina, norberak izango ditu idazmahaiak Izarraitzen ere. Nireak kontatzeko beharra izateari utzi nionean hasi nintzen benetan gozatzen bazter kutun haietan. Leku horietakoren batera noanean askotan galdetzen diot nire buruari: zenbat animaliaren begiak izango dira niri begira? Begiak zorroztu, eta batera eta bestera zuzentzen ditut begiradak, horrela, batzutan orkatzak gurutzatzen zaizkit bidean, tarteka katagorriren batek zuhaitzari itzulika egiten dit ihes, ahaztu gabe salamandra hori eta beltzak, zozoak zein birigarroak abesten doaz hegan eta, ahaztu gabe, zomorroak.

Jarraituko dugu gizakiok bazterrak suntsitzen eta elkarren artean borrokan kasuan kasuko eztabaidak medio. Eraikiko dizkiogu ateak eta leihoak, eta jarriko ditugu gurutzeak eta burdinezko oroigarriak. Beteko ditugu haren zuloak zaborrez, nonbaitean ezkutatu beharko baititugu gure gaitzak. Satortuko gara errepide azkarren tuneletan eta pasatuko gara zubi gainean tren azkarretan. Gertatzen dena gertatzen dela ere, egunen batean ez gara hemen izango. Azken finean, hain jakintsuak ei gara, gero eta azkarrago eta gehiago bizi nahi dugula, baina zertarako bizi mendirik ez bada?

 

(2017ko martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)