Igerilekuko biosfera

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2016ko aza. 29a, 18:57

Igerilekuko erabiltzaile bezala, tarteka gauza bitxiekin egiten dut topo bertan. Agian ni izango naiz erraz asaldatzen den horietakoa, edo garbitasuna behar baino gehiago behar duenetakoa. Jarraian, Azpeitiko igerilekuan ikusi ditudan zenbait egoeraren berri emango dizuet, akaso bakarren batekin identifikatuak sentituko zarete; agian, ez zarete nire ikuspegiarekin ados egongo.

Behin baino gehiagotan egin izan dut topo pertsona honekin muskulazio aretoan. Hainbat aparatu erabiltzen ditu, baina gustukoenak bizikleta, eliptika eta ergometroa ditu. Erraza da bera besteen artetik bereiztea: normalean bere inguruan izerdi putzu handi bat egoten da, belarrietan aurikular txiki batzuk izaten ditu, tarteka esfortzuaren esfortzuz oihuren bat egiten du, eta kamiseta azalari itsatsia izaten du, tatuatua bezala. Gelako atean jartzen du derrigorra dela izerdia lehortzeko zerbait eramatea muskulazio gelara; gizon honek izara bat eraman beharko luke. Baina, tira, hau ez zait gaizki iruditzen; beldurtzen nauena da, egunen batean bihotza geratuko zaiola bertan. Hala ere, ikusi dut arduradunak ohartu direla egoeraz, eta desfibriladoreak erabiltzen erakusteko ikastaro bat antolatu dutela.

Saunaren beroan, izerdi eta katarroren bat bertan lagatzera joaten naiz tarteka. Beroaren beroaz lasaiturik, egurrezko hamakatxoan etzatea asko gustatzen zait. Baina bada pertsona bat, nire lasaitasunetik aldentzen nauena. Argi jartzen du hainbat karteletan ezin dela larrugorritan ibili saunan, baina ez dio honi askorik axola. Ez naiz ni arropen aldekoa, gehiago naiz gauza natural eta askeen zalea. Koherentzia alde batera utzita, ez zait batere gustatzen nik burua edo aurpegia jarri behar dudan lekuan, bere ipurdi masailak edo, harago joanda, bere barrabilak hor egon direla irudikatzea. Biluzik egoten jarraitu behar badu, ekar dezala medikuaren ziurtagiri bat, non esaten duen: kaka egin ostean ipurdia zotalarekin garbitzen duela eta bere arrautzetako ilea ez dela inoiz jausten. Behinik behin, norbaiten hankarteko ileek nire aurpegian ibili behar badute, nik aukeratutako norbaitenak izatea nahiko nuke.

Harraskako kontuak

Azken atala, iturriari eta bertako harraskari eskaini nahi nioke. Sarritan, bertan bizarra mozten egoten da jendea, apar zuria eta ile txikiak hor uzten dituzte, apaingarri modura. Behin, gizaseme bat buru guztia apar zuriz zuela ikusi nuen, bertan ari zen zuen ile apurra mozten; hasieran uste izan nuen, garai bateko igeltseroen modura edo sagardotegietan bezala, zapi bat zuela buruan jarrita. Amaitzeko, aste honetan ura edatera joan naiz iturrira, eta han topatu dut harraska goraino urez eta xaboiz beteta, bertan igerian bainujantzi zahar bat zegoela; krisiak noraino eramango ote gaitu.

Akaso, ez naiz ni izango garbitasunaren eredurik egokiena, eta agian gertaera horiek niri bakarrik iruditzen zaizkit kontatzeko modukoak. Baina esateko beharra nuen.

 

(Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua)