Atsegin dut

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2016ko mar. 30a, 19:23

Hausnartzeko tarterik gabe, sare sozialetan zabaltzen ditugu gure errealdiak. Bateko eta besteko, hor gabiltza mundua konpondu nahian, esaldi dotoreak jarriz, kontzientziak astindu nahirik. Arazoaren muina jakiteko astirik izan gabe, momentuko beroaldiak urrutira eramaten gaitu, olatuaren gainean klik batzuen babesa topatu nahiak, autoestimua igotzeko instrumentu bat, geure pribatutasuna sarean utzirik.

Mikro kontakizunetara mugatzen gara, izenburuak irakurri eta testuan murgiltzen ez garenak, ur azalean busti gabe bizi nahi luketen arrainen modura. Bat-batekotasunak hanka-sartzeetara eramaten gaitu; horregatik, tarteka itxoiten egoten gara, beste norbaitek esandakoaren inguruan gure iritzi propioa eraikitzeko. Honela, kontraesanetan sarri erortzen gara, abiadurak koherentzia galtzeraino eraman gaitzakeelarik. Guztiari buruz zerbait esan beharrak, aritzen den oro ez dela aditu ohartzera garamatza. Kaos baten zati, aldi berean gaude kontra eta alde, edo kontraren alde, edo alderen kontra. Baina, zenbateraino gaude influentziatuak, ez ote gaituzte manipulatzen, albisteen erabilpen neurtu eta kontrolatu batez. George Orwellek irudikatu zuen mundua, bere 1984 nobelan, egungo errealitatearen oso antzekoa da. Kontrolatzen duena ere, kontrolatua dago, elkar salatzen gabiltza.

Kontraesanez beteta

Irabazleak gara. Ontziak hara eta hona darabiltzatenetik, Greziako krisia etorkinek dakarte. Kontzientziarik gabe gabiltza eskatzen. Pozik gaude kirolari bat fitxatu duelako gure taldeak, ze poza, baina nondik ateratzen den dirua ez zaigu axola. Futbol zelai gehiegi ditugun herrian, behar bati erantzuten edo behar bat sortzeko, modu askotariko kirola bultzatu nahi dugu, baina non? Animalien eskubideen aldeko elkarteari atsegin dut ematen diogu, eta ondoren animalien lumaz eginiko zaku baten argazkiari. Lapatx ixtea nahi dugu, errauskailurik ez dugu nahi, baina atez atekoak bizitzak aldatuko omen dizkigu eta hori ere ez dugu nahi. Kritikatzen ditugu abiadura handiko trenak, baina Leitzarango autobidetik goaz Iruñeara. Kexatzen gara Jakako bideko autobidea egiten asko tardatzen ari direlako, mendira naturaz gozatzera goazenean. Etorkinak nahi ditugu, beti ere gu baino pare bat maila beherago badaude, eta inork egin nahi ez dituen lanak egiteko. Zezenketen aurka, baina, sokamuturraren alde. Mendia lasterketak egiteko. Alkohola garenak ez izateko, edo izan nahiko genukeenak izateko. Erromantikoak epe labur baterako. Carpe Diem tatuatzen dutenak. Ansotegiren malkoek hunkitu zituzten askorekin, ez zuten lortu enpatizatzerik Gallardoko langileek. Abertzaleak, baina tira, tarteka. Meskitek ez digute uzten lasai lo egiten, baina elizako kanpaiek bai. Feminismoarekiko sentiberak ligatzeko. Askeak, baina tradizioei lotuak. Grouncho Marxek zioen modura: "Hauek dira nire printzipioak, ez badituzu atsegin, beste batzuk ditut".