Kakak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2015ko abe. 15a, 10:38

Garaian garaikoa, udazkenarekin batera, hegazti migratzaileak badoaz leku beroagoen bila. Milaka hegaztik, nekea pilatuz, Afrikarainoko bidaia egingo dute. Gurean, berriz, badirudi korrika egiteko garaia dela. Loiola aldera edo Loiola aldetik,  batzuk Aizpurutxoraino eta zenbait Lasaoraino, espaloietan edo errepide ertzetik, tarteka zelaietatik, edozein ordutan ikus daiteke jendea korrika.

Lasterka egitearen onura asko konta ditzaket. Badut esatea, arazoetatik urruntzen zaituela, une batez beste mundu batera joaten zarela eta askatu egiten dituzula barruko ondoezak. Baita ere, haizeak aurpegian ferekatzen zaituela, ateratzen duzun izerdi tanta bakoitzak hobeto sentiarazteko balio dizula eta hobetzen joaten zaren einean, harro sentitzen zarela eginikoaz. Horrez gain, apaindu nezake edonon egin daitekeen kirola bat dela esanaz, eta edozein unetan, nahikoa dela arropa egokia izatea eta gogo apur bat, antxintxika egiteko. Historiari begiratuz ere, ziurrenik, gizakiari modu naturalean ateratzen zaion kirola izango da. A zer pagotxa! Kontatu dezaket, edo asmatu, Greziako jainkosen artean dena sendatzeko gaitasuna zuen Panazeak ere korrika egiten zuela egunero, lanera joan aurretik.

Baina ez litzateke justua zenbait gauza ez aipatzea. Hasteko, korrika egin ostean gehien atsegin duzun unea iristean, luzaketak egitean, muskulu guztiak sentitzean, arnasketa sakon batez barneko atalak erlaxatzean, bat-batean, usain ez atsegin batek asaldatzen zaitu. Zapatila azpira so egin, eta ohartzen zara txakur mokordo bat ederki egokitu dela zapatilaren zoruak dituen zulotxo guztietan, ertz denak bete ditu gozo. Ingurura begiratu eta jendea begira somatzen duzu. Sudur guztiek zu seinalatzen zaituzte. Lotsaz gorrituta ohartzen zara luzaketak egiteko alfonbratxo urdinean arrastoa utzi duzula. Muskulazio gelako edonork erabiltzen duen horretan, non oraintxe burua jartzen duzun, edo indarka ari zarenean ariketak egiten eta atsedena hartzeko unean luze bezain zabal aurpegia gustura bertan jartzen duzun.

Eta orain zer?

Erabakiak hartzeko unea da. Txakurraren jabea aurrean ez duzunez, ataka larri baten aurrean aurkitzen zara. Zalantza ez da ohartu ez bazina bezala ihes egitea trantze horretatik. Garbi duzu, inor gehiago ez dela ohartu ziur egonez gero, ihes egingo zenukeela. Zalantza da, zergatik begiratzen dizun ondoan duzunak edo bizikletan aurpegi arraroak jartzen ari dena, soilik, nekeagatik ari den, edo usaindu egin ote duten ekarri duzun pastela. Beraz, ziurtasun erabatekorik ez duzunez lortuko, zapatila fosforitoak kendu, paperarekin alfonbratxoa garbitu eta aldageletarako bidea oin-hutsik egiten duzu. Ohartzen zara ez duzula plastikozko poltsarik motxilan. Ez zara hasten konketan zapatilak garbitzen, gizon bat bizarra mozten ari delako bertan. Eskuetan eramaten dituzu etxeraino, tarteka, txakur pentsu onduaren haize leunak alaitzen zaituelarik.

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.