Ausentziak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2015ko urr. 28a, 11:01

A haztu nahi diren une luzeak, azaldu ezin diren sentimenduak, minez beteriko taupadak, inoiz beteko ez diren hutsuneak, ausentziek bete gabe utzi dituzten ametsak, eguzkiak ere argituko ez dituen itzalak. Hautsitako irri bakoitza, galdutako itxaropena, etorkizunari beldurra eta oroitzapenen samina. Galdutako oraina, etenik ez duen erlojuan, orratza aurrera doa. Nora garamatza hauskorrak garela onartzeak, zirkunferentziak marrazten goaz bizitzan, errepikatzen diren zikloak dira gertatzen zaizkigunak.

Bizitza bera joaten zaigu irakasgai gordinenak aurpegiratzen, jakinik jaiotzeak berarekin dakarrena aldatu ezin dugun ituna dela. Alegia, noiz edo noiz amaiera bat izango duela, baina ez gaude prest hala dela onartzeko. Moduek ere asko aldatzen dute kolpearen indarra. Metafisikara jotzen dugu, minari ihes egiteko mundu ukiezinak sortzen ditugu eta une batez bare sentitzen garen arren, ez gaude konforme. Batzuetan pentsatu izan dut ez gaituztela prestatzen heriotza onartzeko, heziketan hutsune bat dagoela, baina hori gertatzen zait ahaztua egiten naizelako erlijioetaz, baina ez gaude konforme jasotzen ditugun erantzunekin.  Agian, errazagoa litzateke esaten digutena itsu sinestea eta naturalki sortzen zaizkigun galderak eta zalantzak ahaztea, baina ez gaude konforme.

Gertakari iltzatuak

Askoren erraietan zein azalean, dauden ausentzia oso presenteak. Ez daudenak ditugu hiltzatuak eta, tarteka, uste dugunean iltzea kanporaka doala edo akaso zauria estalia dela, golpe gogor batek berriro mina dakarkigu, zauria irekitzen da berriro eta oroitzapenak olatuen modura datoz. 19 urte genituen orain dela 195 hilabete, oraindik oso ongi oroitzen naiz goiz hartan egin nituen gauzekin. Balkoian nintzen txoriei kaiolak garbitzen, ura aldatu eta potetxo gardenak alpistez betetzen. Etxeko telefonoak jo zuen eta hortik aurrera, ez nuen nire jarduna aldatu, minutu luze batzuk behar izan nituen esan zidatena ulertzeko, eta txoriak zeuden bezala lagatzeko.  Lagun bat galdu nuen istripu baten ondorioz. Oraindik ere oso presente dut bere irudia, bere keinuak, ahotsa ere ongi gogoratzen dut. Niretzat bera 19 urte haietan geratu zen, gazte, alai, tarteka egoskor eta ausart. Bera ez galtzeak zertan aldatuko ninduen pentsatzeak, nahiz eta zentzurik ez izan, tarteka min eman izan dit. Batzuetan, akaso, egun lagunak ere ez ginela izango pentsatu izan dut eta, tarteka, amets ederrak sortu izan dizkit.  Aldatu ezinezko gertakari hura nire zati bihurtu zen, hutsune harekin elkarbizitzen jarraitu behar izan dut, ahalik eta ondoen. Eta hori da, agian, gainditzea, baina ez nago ziur.

Azken hilabetean istripu gogorrek astindu gaituzte Azpeitia alde honetan. Txoko honetatik, hitz xume batzuk eskeini nahi dizkiet gaizki pasatzen ariko diren etxekoei eta lagunei, eta besarkada literario bat eman. Animo denoi.

(Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau)