"Aukeraz betetako herria da Azpeitia, baina oraindik asko dugu hobetzeko"

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2023ko mai. 2a, 12:58

Nagore Alkorta alkategaiak ondoan izango duen lantaldea aurkezteko aldizkaria banatzen ari gara etxez etxe. Bertan, gaur egungo alkateari eginiko elkarrizketa zein 20 hautagaien perfilak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Aldizkariko elkarrizketa ekarri dugu Uztarria.eus-era, eta hautagaiak sare sozialen bidez ere aurkezten hasi gara. 

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea da EH Bilduren alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetarako. Alkortak hautagaitza errepikatzeko EH Bildutik egindako proposamena onartu ondoren, oinarriek haren aldeko hautua egin zuten 2022ko abenduan. Apirilaren hasieran aurkeztu zen haren ondoan izango den taldea ere, kudeaketarako gaitasuna duena eta herriko sektore guztiekin elkarlanean aritzeko ahalmena duena.

2019-2023 agintaldian Azpeitiko alkate izan ondoren, berriro ere alkategai izateko pausoa eman duzu.

Agintaldi honetan ustekabeko egoerak kudeatzea eta pisuzko erabakiak hartzea suertatu zaigu: pandemiaren eta Corrugadosen auzia, esate baterako. Dena den, jakin izan dugu egoerari herri moduan erantzuten. Unerik zailenetan sentitu dut gehien herritarren babesa eta berotasuna, eta eskertzekoa da hori. Momenturik konplikatuenetan eman dute pauso bat aurrera herriko eragileek, eta indarrak batuta elkarlanean aritu gara Azpeitiak dituen erronkei erantzuten. Herri moduan ekiteko dugun gaitasun horrek Azpeitiaren potentzialtasuna biderkatzen du. Eta horrela, epe motzeko arazoei ez ezik, arnas luzeko erronkei ere heldu diegu. Azpeitiarentzat estrategikoak diren hainbat proiektu abian jarri dira, datozen urteetan gauzatu behar direnak. Eta horrek, nolabait, bide honetan jarraitzera lotzen nau. Proiektu jakin horiekiko ez ezik, azpeitiarrekiko nire konpromisoa ere areagotu egin da. Gauzatzeko proiektu zehatzekin, duela lau urteko ilusio berberarekin eta esperientzia gehiagorekin aurkezten naiz alkatetzara.

Taldea ere osatu duzue. Esperientzia eta freskotasuna batu dituzue.

Oso gustura nago osatu dugun taldearekin. Batetik, udal kudeaketa ondo ezagutzen dugun hainbat kidek jarraituko dugu. Garrantzitsua da alderdi hau, azken urteetan eginiko lanari jarraipena emateko eta datozen zinegotzi berriei dakiguna transmititzeko. Horrez gain, beren lanpostuetan edo herriko hainbat eragiletan, koordinazio eta ardura postuetan esperientzia duten hautagai berriak ere batuko dira. Taldekide berriek, gainera, ideia eta egiteko modu berriak ekarriko dituzte. Guztion artean talde bat osatzen dugu, herriko sektore ezberdinekin elkarlanean aritzeko gaitasuna izan dezakeen taldea: arloz arloko jardunera, auzoetara, hainbat adin-tarteetara edota sentsibilitatetako desberdinetako herritarrengana.

Zein dira udal kudeaketarako gakoak? Horiek kontuan hartu dira taldea osatzerakoan?

Batetik, gure egiteko modua nabarmendu nahiko nuke: herritarrak entzuteko prestasuna eta elkarlanerako bokazioa. Azpeitiar guztien hitza entzun behar dugu, eta denen beharrak kontuan izango dituen kudeaketa bat egin. Egunerokoan, eskuz esku aritzen gara herriko taldeekin eta norbanakoekin, eta hori indartu nahi dugu. Horrez gain, jakina, udalaren funtzionamendua barrutik ezagutu behar da, lana modu eraginkorrean egiteko. Erabakiak hartzeko ausardia eta determinazioa behar dira. Elementu horiek guztiak kontuan hartu dira lantaldea osatzeko.

Herritarren beharrak ezagutzeko hainbat ariketa egin dituzue. Horiek kontuan izango dira 2023-2027 herri programan?

Herritarren kezkak eta beharrak izango dira programaren oinarria. Erronka horiei erantzuteko neurriak eta proposamenak lantzen ari gara. Orain artean, bi bidetatik jaso ditugu herritarren iritziak: batetik, Zugandik hasita, herri bat denontzat galdetegi irekia zabaldu genuen, eta 184 herritarren ekarpenak jaso genituen. Bestetik, talde profesional batek eginiko 401 inkesta ditugu, adin, genero, egoera ekonomiko, bizileku… desberdinetako herritarren hitza jasotzen dutenak. Horiez gain, apirilean, arloz arloko bilerak ere egin ditugu. Osagai horiekin guztiekin eta azken urteotako esperientziarekin osatuko dugu herri programa.

Dagoeneko zehaztuta dituzue lehentasunak?

Azpeitia duinagoa, aktiboagoa, iraunkorragoa, bizigarriagoa eta errotuagoa egin nahi dugu. Baina, zerri erantzuten dio horrek?  Orain artean bezala, azpeitiarrak jarriko ditugu erdigunean, inor bazterrean utzi gabe, eta behar gehien duten horiei lehentasuna emanda. 

Horretarako, Azpeitiarentzat estrategikoak diren hainbat proiektutan jarriko dugu arreta: Perdillegiko zaharren egoitza berriaren lanekin hasiko gara, zaintza ekosistema borobila eta egokia osatzeko. Ekonomia sustatzeko ahaleginaren baitan, industriarentzat hainbat eremu birgaituko dira, Landetaren eraberritzearekin edota Larrin eremuaren proiektuarekin. Etxebizitza politikan egin beharreko bidea ere marraztuta dugu, etxebizitza planarekin: etxebizitza hutsak merkaturatzeko neurriak hartuko dira, eta babestutako etxebizitzen eskaintzarekin jarraituko da. Bestalde, ingurumenarekin dugun erronkari errotik heldu behar zaio, neurri zehatzak hartuz. Energia trantsizio jasangarrirako plana eta bulegoa abian jarriko dira.

Azken urteen balorazio positiboa egin duzue. Dena den, oraindik asko dago egiteko, ezta?

Azken urteetan Azpeitia asko aldatu da. Denon artean osatutako herri proiektu bat dugu martxan, sakoneko erronkei erantzuteko gaitasuna duena. Udalak bat egiten du norabide horrekin; elkarlanerako baliabideak jarri ditugu. Herri proiektu hau azpeitiar asko eta askoren proiektua dela ikusi da, herriko eragileek eta hainbat sentsibilitatetako azpeitiarrek elikatzen dutena. Horren erakusle dira herriko kultur dinamika, Euskal Herri mailan erreferente dena, edota Azoka Plazaren inguruan sortu den bizitza, lehen sektorea bultzatu eta herria indartzeko balio izan duena. Herriko dinamika bizi-bizirik dago: kultura, kirola, euskara… gure kale eta auzoetan bizi dira. Aukeraz betetako herri bat da Azpeitia, baina oraindik asko dugu hobetzeko. Datozen lau urteetan aukera dugu ibilbide honetan sakontzeko, herriak dituen erronka estrategikoei heldu eta jauzi bat emateko.