Zuei esker euskal herritarren interesak defendituko dira Espainian ere

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2019ko api. 29a, 18:30

Mila esker atzo, igandea, EH Bilduren aldeko hautua egin zenuten 3.254 azpeitiarrei. Zuen botoari esker, euskal herritarren interesak defendituko ditugu Espainiako estatuan. Lan egingo da eskubide sozialen defentsan, presoak Euskal Herrira hurbiltzeko eta autodeterminazio eskubidearen alde.

Atzoko hauteskundeetako balorazio positiboa egiten dugu; izan ere, 2016ko Espainiako Kongresuko azken hauteskundeetatik 1.000 boto baino gehiagoko gorakada izan du Azpeitian EH Bilduk. Badakigu, Espainiara begira jartzean, botoa sakabanatu egiten dela, eta benetan hauteskunde zailak izan ohi dira hauek guretzat. Horregatik, mila esker zuen konfiantzagatik, orain artean ondoan izan zaituztegunoi, EH Bilduri aukera berri bat eman diezuenoi eta lehen aldiz botoa eman duzuenoi.

Gipuzkoan bi ordezkari lortu ditugu, eta lau Euskal Herrian. Bi eserlekutik lau izatera igaro gara, atzoko egunaren ostean. Guztira, 258.840 boto lortu ditugu Hego Euskal Herrian, eta 1.368.000 independentista baino gehiago izango gara Espainiako Kongresuan, kataluniarrekin eta galiziarrekin batera. Izan ere, emaitza historikoak lortu zituen ERCk, 15 eserlekurekin. Bide horretatik, Europako hauteskundeetan, Orain Errepublikak izenpean, ERC eta BNG alderdiekin, ezkerreko abertzaleek bat egingo dugu, gure herrien ahotsa nazioartean ere aitortu dadin.

Hain zuzen, datorren hitzordua maiatzaren 26an izango dugu, udal, foru eta Europako bozetan. EH Bilduko lantaldea indarrez eta gogoz dago lanean jarraitzeko, eta ilusioz begiratzen diogu erronka horri.