"Ziklo berri" bati ateak irekitzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2017ko abe. 7a, 15:03
350 lagunetik gora izan ziren atzoko hitzaldian.

350 lagun inguru bildu ginen atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean, Konstituzioa VS herri borondatea mahai ingurua jarraitzeko. Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko ikuspuntutik hitz egin zuten Arnaldo Otegik (EH Bildu), David Fernandezek (CUP), Francesc Matasek (Esquerres per la Republica Catalana) eta Carmen da Silvak (BNG). Estitxu Elduaienek egin zituen moderatzaile lanak. 

Hiru naziotatik begiratuta, zenbait ideia konpartitu zituzten hizlariek. Batetik, erregimenaren krisia. Haien arabera, 78an onartutako konstituzioak ez du balio gaur egun gizarte ereduarentzat eta herritarren zein nazioen beharrentzat. "Espainiko Konstituzioak ez zuen ezer itxi. 40 urte beranduago, Kataluniak erakutsi du orduko estatuaren arazoek hor jarraitzen dutela", esan zuen Otegik. Ildo beretik, Matasek ere nabarmendu zuen "iraungita" dagoela konstituzioa: "Estafa politikoa izan zen. Gainera, dagoeneko iraungita dago, eta gaur egungo herritarren gehiengoak ez du hori bozkatu".

Legeen aurretik herri borondateari zilegitasuna ematea da gaur egungo erronka Fernandezentzat: "Guretzat hori da gaia, konstituzioa herri borondatearen aurka. Katalunia adibide garbia da, herritarren %80a galdeketa eske, eta pare-parean konstituzioaren horma".

Dena den, naziorik gabeko estatuen arazoa ez da bat eta bakarra Espainian. Hizlarien hitzetan, horri lotu behar zaizkio krisia eta haren ondorioak, herritarren beharretara egokitzeko gaitasun eta interes falta eta estenatoki berriak ikusteko ezintasuna. "Espainiaren arazoa ez da talde konkretu batena, egiturarena da. Ezkerreko indarrak sortu dira Espainian, baina ez dute beraien burua definitzea ere lortu", azaldu zuen Da Silva galiziarrak. Herritarren eskaera dela gogorarazi zuen Matasek: "Kataluniako mugimenduak dio estatu honek, gaur den bezala, utzi egin behar diola existitzeari. Mugimendu horrek izan behar du itzulpen politiko bat".

Herri indarra, bider hiru

Arazo horren aurrean, "antolatzeko beharra" eta "herritik eragiteko aukerak" ikusi zituzten mahai inguruko gonbidatuek. Otegik nabarmendu zuen Katalunia bide bat egiten hasi dela, bide "eredugarri" bat, eta Euskal Herriari eta Galiziari dagokiela prozesu hori babestea eta norbere lurraldeetan ere indarra egitea. "Badugu xede politiko bat: hiru herrialdeak sinkronizatu behar gara. Euskal Herriak konfiantza eta autoestima berreskuratu behar ditu, herri proiektu bat antolatu eta estatuaren eta nazioartearen barruan, bigarren edo hirugarren jokalaria atera kantxara", esan zuen. Da Silvak ere aldarrikatu zuen Galizian lanean jarraitu behar dela herritarrak mobilizatu eta antolatzeko, eta bitartean, Kataluniaren ondoan izango direla: "Gu beti egongo gara munduko herriekin, nazioarteko mugekin bat ez datozen herriekin; baita Katalunia eta Euskal Herriarekin. Bat egiten dugu herri horiekin, uste dugulako beste mundu bat posible dela. Mobilizazioa da gure bidea".

Horretarako, adierazi zuten beharrezkoa dela herritarrekin eta herritarrei begira lan egitea, haientzat proiektu bat osatzea. Kalatunian garbi dute, Fernandezen hitzetan: "Badakigu XXI. mendean bizi garela, itxaropenaren eta beldurraren artean. Guk beldurra iraunkortasunean, itxaropenean... bilakatu nahi dugu, eta hori eskaintzen diogu herriari". Bat egin zuen Otegik: "Beldurrean bizi den jendartean gaude. Jendeak ez daki lana izango duen, zer soldata izango duten... Kataluniako errepublikak zer eskaini dio jendeari? Itxaropena. Horrek konektatu du jendearekin. Hori da une honetan EHn ez daukaguna".

"Une egokia"

Marko berri bat irekitzeko aukera ikusi zuten, beraz, parte-hartzaileek: bidea egiteko beharra. Izan ere, Europako Batasunaren zain egotearen hautua ere ez dute ikusten bideragarri. "Une egokia" dela eta "ziklo berri baten hasieran" aurkitzen garela esan zuten laurek. "Urriaren 1a inflexio puntua izan zen Katalunian, inork ez du nahi egon kolpez jotzen gaituzten estatu batean", esan zuen Fernandezek.

Itxaropenez hitz egin zien entzuleei, abenduaren 21eko hauteskundeen atarian: "Gertatzen dena gertatzen dela, guk aurrerantz jarraituko dugu, egia delako arrazoia izateak ez dizula beti garaipena ematen". Arnaldo Otegik ere mezu bat bidali zien euskal herritarrei: "Baikorra naiz, baditugu arrazoiak baikorrak izateko. Autoestima falta zaigu. Katalanek frogatu dute posible dela egitea, gauza izugarria egin dute. Falta zaie azken tramoa, baina erakutsi dute posible dela, eta hori da beraien irakaspena".