Azpeitiko EH Bildu Kataluniaren ondoan egongo da datozen egunetan ere

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2017ko ira. 29a, 08:51
Azpeitiko EH Bilduk bat egiten du Kataluniak independentziara bidean hartutako erabaki irmoarekin, eta guztiz salatzen du Espainiako Gobernuaren jarrera. Hori dela eta, egun hauetan zenbait ekintza egin ditugu eta egingo ditugu Kataluniako erreferendumari, herriari eta politikariei babesa adierazteko.\ \ Batetik, EH Bilduk sustatuta, Azpeitiko Udalak adierazpen bat onartu du Kataluniako erakundeen eta herritarren alde. Bozeramaile batzordeak aho batez onartu du, eta Katalunian Espainiako Gobernuak egin dituen atxiloketak eta ekintzak salatzen ditu. Manresako alkateari babesa adierazi diote, urriaren 2an deklaratzera deitu dutelako; baita herrialde horretako gainontzeko 700 alkate ingururi ere. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi du askatasunaren eta eskubideen alde daudela, eta inor ezin dela atxilotu politika egiteagatik, ez Euskal Herrian, ez Katalunian. Horregatik, erreferendumari zein haren emaitzari zilegitasun osoa ematen diote adierazpenean.\ \ Bestalde, Estitxu Elduaien EH Bilduko zinegotzia Katalunian izango da asteburuan Udalbiltzaren deialdiarekin bat eginez. Begirale lanak egingo ditu erreferendumean, Europako beste politikari batzuekin batera. Bi edo hiru udalerritan behatuko du galdeketak beharrezko bermeak betetzen dituela eta herritarrek aukera dutela askatasunez botoa emateko. Udalerri horietako politikari eta herritarrekin egoteko aukera izango du, horrela, Azpeitiko zinegotziak. Harekin bidaiatuko dute eskualdeko EH Bilduko beste zenbait kidek ere.\ \ Hemendik ere, Euskal Herritik, Katalanekin solidario izateko deia egiten diegu herritarrei. Joan den astean deitu genuen elkarretaratzea plazan Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat lelopean. Atzo, osteguna, ere Gure Esku Dagoren deialdiarekin bat egin genuen, eta herriko plazan izan ginen, Kataluniarentzat demokrazia eskatzen. Biharkoan, berriz, Bilbon izango gara, eta azpeitiarrak gonbidatu nahi ditugu une historiko honetan protagonista izatera.\ \ Katalanen momentua da, baina baita euskal herritarrena ere. Haien ondoan egotea dagokigu datozen egunetan, eta gure bidea markatzen hastea ere bai.