'Euskal estatua irudikatzen' ikerketaren aurkezpena izango da gaur, Sanagustinen

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2016ko mai. 24a, 09:51
Ekainaren 5 eko herri galdeketak mugarriak izango dira Azpeitian nahiz Euskal Herrian. Izan ere hainbat herritan garatuko diren herri galdeketek aspaldian esaten jardun duguna arrazoitzeko balioko du. Arrazoia sinple bezain demokratikoa da, herri honen etorkizuna, bertan bizi garen herritarron nahiarekin zuzenki lotua dagoela, etorkizuna gure esku dagoela eta ez beste inoren esku.\ \ Norabide horretan Azpeitiko EH Bilduk ekarpen bat egin nahi dio Azpeitian bizi dugun errealitateari, eta horretarako gaur 19:00etan Sanagustin kultugunean ikerketa baten emaitzen aurkezpena egingo dugu. Izan ere, Euskal Estatuarekiko jarrera aztertzeko asmoarekin, ikerketa bat abiatu zuten elkarlanean Ipar Hegoa fundazioak eta EHUko Parte Hartuz Ikerketa taldeak 2014an. Ikerketaren emaitza argitaratu zuten 2016ko martxoaren 16an, 'Euskal Estatua' irudikatzen izenburupean.\ \ Ikerketa sakona egin dute, kuantitatiboa eta kualitatiboa. Ikuspegi orokorra lantzeaz gain, bi kasu zehatz aztertu dituzte: batetik, Euskal Estatuaren alde dauden enpresaburuen iritziak eta arrazoiak jarrera hori izateko, eta, bestetik, euskara eta euskal kultura kontuan hartuta, Euskal Estatuaren aurrean Euskalgintzako eragileek izan ditzaketen jarrera eta iritziak.\ \ Ikerketa hori aintzindaria da, lehen aldiz jarri duelako fokoa euskal estatuaren inguruan, eta kuantitatiboki ere balioa duena, Euskal Herriko herrialde guztietan oinarrituta egin delako. Ikerketak emaitza interesgarriak utzi ditu. Oro har, Euskal Herrian, Euskal Estatuaren aldeko jarrerak kontrakoak baino atxikimendu gehiago ditu, nahiz eta lurralde guztietan joera bera nagusitzen ez den.\ \ Ikerketaren ondorioak mamitu eta ezagutzeko parada ezin hobea izango dugu Arkaitz Fullaondo eta Txoli Mateosen eskutik izango dugun aurkezpenean. Beraz, guztiok gonbidatuta zaudete aurkezpenera gerturatu eta parte hartu dezazuen.