LOMCE-ri ez, Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa eraiki!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EH Bilduko Hezkuntza Komisioa 2014ko urr. 9a, 10:04
Larunbatean hiruburuetan LOMCE-ren kontra eta gure hezkuntza sistemaren alde egingo diren kalejiretan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu. Azpeitiko EH Bilduk desadostasuna adierazi nahi du LOMCE legeak sustatzen duen hezkuntza ereduarekin eta irizpide baztertzailearekin. \ \ Gure helburua irakaskuntza euskaldun eleanizdunak sortzea da. Ondorioz, euskara ardatz duen eredu bakarra behar dugu, eta ikaslearen ingurune soziolinguistikoa eta gaitasun psikologikoak kontutan hartuko dituen ikaskuntza metodologia ezarri. LOMCE-k zalantzan jartzen du planteamendu hori, ez baita bermatzen eta indartzen hizkuntza koofizialen esparruetan hizkuntzarik ahulena (planteamendu horrek euskararen aurka jotzen du). Halaber, enborreko jakintzagaia ez izanik, bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du euskara. \ \ Aldi berean, adierazi nahi dugu gure desadostasuna legeak sustatzen duen hezkuntza ereduarekin eta irizpide baztertzailearekin. Aitzitik, eskola inklusiboa, konpentsatzailea eta integratzailea bultzatzen dugu. Hots, ikasle guztientzako aukera berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritzen den hezkuntza. LOMCE-k ez du ikasle guztien eskola emaitzen aurrerapena bultzatzeko hobekuntza proposamenik eta planik ahalbideratzen. Horrela, XXI. mendeko konpetentziak (autonomia, inguru nahasietan moldatzea, iniziatibaduna izatea, eta abar) nekez eskuratuko dira. \ \ Gure iritziz, hezkuntza sistema iraunkortasunez hobetu nahi bada, ezinbestekoa da alderdi politikoen eta eragileen parte-hartzea eta adostasuna. Gure hezkuntzaren gaurko errealitatea eta gure ikastetxeetan urteetan egindako ahalegina ahaztu egin du Wert ministroak. Gure aldetik, bestelako bidea proposatzen dugu: praktikaren gaineko hausnarketa eta gogoeta eginez, hezkuntza sistema aurreratuenen esperientzia kontuan hartuz eta Euskal Herriaren testuinguruan aplikatuz, gure hezkuntza sistema eta Curriculum propioa pixkanaka eraikiz joatea. Horregatik guztiarengatik ozen aldarrikatu nahi dugu: LOMCE-ri EZ, EUSKAL HERRIAK HEZKUNTZA SISTEMA PROPIOA ERAIKI!