Festak ondo pasatzeko eta garena azaltzeko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2014ko uzt. 28a, 14:01

Santioak pasa eta gainean ditugu Azpeitiko festa nagusiak diren saninazioak. Aukera ederra eskaintzen digute urte guztian zehar izaten dugun egunerokotasunetik irten, prespektiba hartu eta egin dugunari begirada bat botatzeko.

Baina ez hori bakarrik. Festak, aukera paregabea dira eguneroko plazer txikiak, modu lasaiago batean gozatzeko ere! Betiko lagunekin berriketaldian aritu, taldean abestu, dantza egin... denerako denbora izaten baita egun hauetan!

Hori horrela izanik ere, argi dago edozein herritako jaiak, bertako herritarren balore eta tradizioen isla ere badirela. Azpeitian ere, hala gertatzen da zalantzarik gabe. Horregatik, festa eredua ere aldatuz doa urtez urte, Azpeitia eta azpeitiarrok aldatzen goazen einean. Ezinbestean, aldatzen goaz eta gure esku dago ein batean, zein norabidetan eman nahi dugun aldaketa.

Zentzu horretan, azpimarratzekoa da urtez urte, auzolanean oinarrituta dozenaka herritarrek herriko festak antolatu eta aurrera eramateko egiten duten esfortzua. Are gehiago, kontuan izaten badugu, guztion gozamena eta parte hartzea bilatzen dutela antolatzaileok, beti ere, aurrez aipatu aldaketaren norabidearen inguruko etengabeko hausnarketa eta ekimenetan sakonduz. Eskerrak eman nahi dizkiegu egiten duten lanagatik. Biba zuek!

Etengabeko esfortzu horren ondorioz, azpeitiko festak gero eta euskaldunagoak dira eta herritarrok ikusle izatetik parte hartzeko aukera ematen duten gero eta ekintza gehiagoko eskeintza dugu adibidez. Aipagarria baita ere, emakumeenganako erasoen aurrean egindako lanaren ondorioz, hauen aurrean herritarron kontzientziak eta ondorioz jarrerak, izan duen bilakaera.

Bidean ordea, erronka berriak, edo erronka zaharrak berrituta, agertuz doaz. Festei jartzen dizkiegun helburuak ere, egokitu beharko dira. Bizi dugun egoera sozioekonomikoak eta honen aurrean garatu beharreko dinamikek, festen baitan euren alea jarri beharko dute, eraiki nahi dugun Azpeitia islatuz. Bertako merkataritzarena aldeko apustu argia eginez, lehen sektoreari espazioak zabalduz, elkartasun baloreak indartuz eta kultur aniztasunaren aberastasuna barneratuz besteak beste.

Aurtengo Santiyoetan eta Saninaziyoetan ere, gogoan ditugu herriko errepresaliatu politikoak, bijoakie gure besarkadarik sentikorrena eurei eta euren senideei! Gure agurra baita ere, arrazoi ezberdinengatik herrian egon ezingo zareten azpeitiar guztioi.</>

Goza ditzagun bada herriko festak! Goza ditzagun garena ospatuz, egin duguna eta egiteko dugun guztiari ilusioz begiratuz! Ondo pasatzea eta elkarreiko begirunea oinarri hartuz, ospa ditzagun! Aurrera herria! Festetan goza! Hemen da-ta marea arroxa!