Azpeitia Ezagutzen Proeiktua 'Berria'-n

Pasa den igandean, hilak 17, Berria egunkariaren Mantangorri gehigarrian Azpeitia Ezagutzen proiektuari buruzko erreportaia argitaratu zuten.

Ikasturte berriarekin batera, hezkuntzako lan taldeak hainbat lan ildo garatzen dihardu. Iaztik datozen hainbat asmo abian jarri ditu. Hala, ikastetxetik kanpoko ekintzetarako beka sistema martxan jartzeaz edota Espainiako estatuak egingo duen lege erreformaren inguruko hausnarketa eta alternatiben jorratzea lantzeaz gain, gazteenek herriko historia ezagutzeko unitate didaktikoak aurkeztu dituzte. 

Espainiar estatuaren homogeneizazioaren aurrean, Azpeitiko Udalak irailaren hasieran herriko ondare kulturala ezagutarazi eta transmititzeko proiektu bat jarri zuen abian. Azpeitia Ezagutzen proiektua hain zuzen ere. 

Orainari eta etorkizunari heltzeko ezinbestekoa da iragana ongi ezagutzea. Herri nortasuna aztertu eta zabaltzea funtsezkoa da. Bide horretan, kultur ondarearen transmisioa finkatu eta gure historia ezagutzea sustatu nahi da hezkuntzaren bidez. 

Unitate didaktiko horien bidez, hainbat helburu lortu nahi izan da: azpeitiar gazte eta helduei herri ondarearen eta bertako kontuen berri ematea, herritar izaeraren kontzientzia indartzea, euskal kultura eta euskararen normalizazioa bultzatzea, integrazioa erraztea eta, batez ere, herritarrengan herriarekiko jakin-mina eta atxikimendua sortzea. 

2012. urtean hasitako lanaren lehen fruitua irailean argitaratutako lehen unitatea da. Hala ere, datorren urtean beste bi unitate ateratzea da helburua. Unitate didaktiko horiek ikastetxeetan landuko dira, baina sarean ere eskuragarri dago guztia Udalaren webgunean, nahi duenak ikusi edo eskuratzeko.