Ramon Etxezarreta: "Zaharra berri? Malo..."

Erabiltzailearen aurpegia Buruz Buru 2016ko urt. 28a, 12:00

Zahardadea burutazio sarria gertatzen zait, erabakita daukadan arren horrek kalte, kalte serioa, ordea, eragiten didala. Naizenaren puska nabarmenetako bat hemen daukat, Donostiako ederraren epelean. Nintzenari erreparatuz gero, berriz, han daude nire balentria, azio eta bestelakoak, lur santua deitzen diodan Azpeitia handi bezain handiki horren inguruetan, nire Urrestillan, etxeko zokoan.

Uztarriari otu zaio iritzi truke berri bati ekitea eta mundua txikiegi egiten zaion –izan gazte– hogeita bi urteko gizaseme batekin jarri naute jardunean. Ea, arian-arian, lerroz lerro, hitzez hitz, elkar ezagutze errespetuzkoa egin eta adierazten dugun, errespetua gauzarik ohikoena ez den garai eta parajeetan. Gora, beraz, hasteko, desberdintasuna!
 
Zer esan niezazuke, gazte zaitudan horri? Zer eskaini diezazuket zure interesekorik? Zer irakurriko zenidake gustuz eta asperdurarik gabe? Zer arraio sentitzen duzu ni bezalako zahartzio astun batekin elkarrizketan? Ez daukazu egiteko probetxuzkoagorik?  Zahar burlatiarena ere egin diezazuket: Hi! Uzten al ditek etxean ni bezalakoekin ibiltzen? Gazte izatea beti izan da burla motibo; gaztea beti zaio adinekoari bere iragan irrigarri eta baldresaren argazkia, horregatik errietak, horregatik aholkuak. Adinekoa beti da, ustez, jakintsu, eskarmentudun, heldu, nagusi... 
 
Diotenez okerragoa omen zahar txoroa gazte zoroa baino. Txoro ez izatekotan, nondik joko nizuke? Konta niezazkizuke buka ezin ahala istorio eta gertaera, kintakoek ere izan baitugu gerrarik, orain memoria edo oroimena deitzeko joera hartu duguna. Zertarako? Zer obligazio duzu zuk nireak jakiteko? Zer mesede egiten dizu horrek? Zergatik jardun behar dizut ez orainik eta ez etorkizunik ez duenak bezala? Portzierto, Pedro Sánchezek idatzi zidan joan den hilean nire belaunaldiaren borrokagatik eskerrak emanaz eta, harro esanaz, orain, semeak omen direla, indar haren oinordeko. Zahar baliogabe deitzeko modu bat.
 
Memoria omen zaharron altxorra, ez zaitut horrekin zigortuko, horretarako daude erakundeak eta haien diruak. Rilkeren bidetik pozik joko nizuke poeta gazteari emandako aholku haietako bat gogoratuz: "Ironia: ez utzi hark menpera zaitzan, batez ere sortzek oune ez direnetan. Sortze-uneetan saia zaitez hartaz baliatzen bizitza jasotzeko beste bitarteko batez bezala". Baina egokiago iruditzen zait neureaz aritzea. Semprún, komunistak, eta komunista ohiak bezala. Neure nortasuna eraikitzen igaro dut bizitza erdia eta hura desegiten beste erdia. Gaur, nituen sinesmen, dogma eta ziurtasun guzti haiek bazterrean utziak dauzkat baina, ilusio guztiak daramatzat gainean bizirik eta piztuta. Horixe bada nire aldarria. Besarkada, Jurgi.

Jurgi Arruti: "Gaztetasuna gezurra da". 

Pertsona bakoitzaren oroitzapenen artean badaude denei kontatzen ez zaizkionak, lagunei baino. Ondoan daude lagunekin ere konpartitzen ez diren oroimenak; amorante kontingenteren bati baino aitortzen ez zaizkionak. Giltzapean bere egiten dituenak dira hankabikoaren gomuta asko. Azkenik aurkitzen dira norbere buruari ezin konfesatu zaizkion memoriak eta sentipenak: egia biluzi bati beldurra dela eta. Posible al da, ba –norbere buruarekin bada ere–, erabat egiati izatea? Heinrich Heinek zion gizakiak publikoki bere buruaz hitz egitean beti gezurra diola. Fiodor Dostoievskik are gehiago, bere buruari ere gezurra esaten diola. Fantasian bizi dela. Handiusteak mugitzen du hankabikoa: gezurrak.
 
Portzierto, Heinerekin batera Fiodor-ek ulertzen zuen idazle oparoek euren buruei okerkeriak leporatzeko joera dutela, nahiz eta jakin gaiztakeria horiek erabat fantasiosoak direla; gezurrezkoak. Ondo baitago gaiztakeriak egitea, gaztea bazara, batik bat. Gaiztakeriak egin behar ditu gazteak gazte dela berresteko. Kontua da gaztetan gaiztakeriak eta zirriak egin zituela harro dion zaharrak ez zuela halakorik egin. Gezurra diola. Izan ez zenaren frustrazio betikotu batean geldirik dagoena dela zaharra. Ahobero antzu pseudo-depresibo bat. Amore eman duena eta izan zenaren bertsio idealizatu baten hondarretik bizi dena da zaharra. 
Diot gaztetasuna gezurra dela. Ez dago gaztetasunik. Bere burua zahartzat duenak asmatutako kategoria antagoniko bat da gaztetasuna. Zahar izateko aspirante bat da gaztea. Lurruna da gaztea; aldakorra; ezdeusa. Inpulsiboa. Zoroa. Ergel samarra. Esperientziarik gabea. Irrazionala. Prekarioa. Esku-lan ona. Obediente desobedientea da gaztea.
 
Arautua da gaztea. Klixea da gaztea. Gizartearen eskematizazioa da gaztea. Homogeneotasuna da gaztea. Aurreikusgarria da gaztea. Estigma. Zaharra da gaztea. Bata onartzeak bestea konfirmatu egiten baitu. Kontrol mekanismo dikotomiko bat da gaztetasuna. Esan beharrik ez dago gaztetasuna ukatzeak zahartasuna ere amildu egiten duela. Ez baitago zaharrik gazterik gabe. 
 
Ziklo biologikoarekin zer-ikusia duen obserbazio fisiologiko sinple batetik haratago esanahia hartu zuenetik utzi zion gaztetasunak zentzua izateari. Jokamolde zehatz batzuen erreprodukzioa da gaztetasuna. Nagikeria intelektual bat da sailkapen hori, bada. 
Salvador Allenderen aipu ergel hura erreproduzitu beharko nizuke, agian –hala esperoko zenuen, gainera–: gazte-zaharrak eta zahar-gazteak daudela dion hori. Eta denak txaloka. Biologikoki zahartua denari gazte deitzea baino hoberik ez baitago: bizitzeko modua baita gaztetasuna. Ja, ja. Nik kategorikoki ezeztatzen dut gaztetasuna. Ez da ezer pertsonala. Urte askuen, Ramon.
 

(Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikuluak dira hauek)