Heteroarauarekin hautsi!

Erabiltzailearen aurpegia Bilgune Feminista 2013ko eka. 28a, 13:47

Aita, ama zenbat urtekin ezkonduko naiz...1,2,3...” sokari eraginez, saltoka eta abesten igaro ditugu haurtzaroko momentu asko eta asko. Txiki txikitatik bikotea izateko beharraz ohartzen gintuzten marrazki bizidunetako protagonistak, maitasun erromantikoa ardatz zituzten eta dituzten filmeak, iragarkiak ikusiz hazi eta hezi gaituzte.

Heteroarauak agintzen du gurean, errenta aitorpena egiteko ere, pertsonen gaineko zerga izanik, egoera zibila galdetzen dizute: ezkonduta al zaude? Ez, eskerrik asko!

Eta galdera , ideia hauek datozkigu gogora: Bikotea behar al dut orekatua sentitzeko? 33 urte ditut eta oraindik ez naiz ama izan, zergatik erabaki behar dut? Zergatik desio ditut gizonak? Zergatik...

Heteroaraua patriarkatuaren ezarpenaren zati bat da eta hori hausteak bazterkeria eta zigor soziala ekartzen ditu. Gizon-emakume binomioa eta sexu-genero-sexualitatearen arteko harreman naturalizatua sistema patriarkalaren aginduak dira, sozializazio prozesu indartsu baten ondorioz gure bizi proiektuetan, gorputzetan, erabakietan eragin handia duena. Hortaz, gure desio eta gorputzak heteroarautik kanpo kokatzen direnean, ezarritako emetasunaren moldeetan sartzen ez garenean, zigorra modu anitzetan agertzen da: bazterketa soziala, administrazioaren aurrean oztopoak, erasoak etab. Eta hori gutxi balitz, egun, eskuin muturreko sektore kontserbadoreenak, dogma akuili, herritarron askatasunaren aurka gogotsu dabiltza boteredun politiko eta erlijiosoak bat eginik.

Horregatik, ezinbestekoa dugu heteroaraua haustea, ofentsa ultraeskuindarra salatzea eta harreman eredu berrien aldeko saiakeran jarraitzea!