Herriko merkatariek Gabonetako ekintzekin jarraitzen dute

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2022ko abe. 26a, 13:20
Olentzero eta Mari Domingiren Ginkanaren ostean, Errege Magoen zozketak hartu du lekukoa.
Azpeitiko BERTAN Merkatari Elkartearen eskutik, hainbat ekintza antolatu dira Gabon jaien bueltan. Beti ere, Gabon erosketak herriko saltokietan egitea sustatuz. Horrela, dagoeneko osatu da Olentzero eta Mari Domingiren Ginakana, pasa den larunbatean burutu zelarik zozketa. Abenduaren hasieratik BERTAN Elkarteko 6 establezimendu ezberdinetan erosketa egin eta esku-orria zigiluekin betez, 500€ko erosketa bono bat eta 200€ko bost erosketa bonoren zozketan parte hartu ahal izan da. Saridunen izenak Olentzerok eta Mari Domingik atera zituzten etorrera ekitaldian. 500€ko sari potoloa Miren Urkidirentzat izan da eta 200€ko bonoen jabeak Mireia Arregi, Irunee Boo, Mirari Eraso, Nahia Aizpurua eta Izaskun Ezama izan dira. Hurrengo egunetan banatuko zaizkie sariak irabazleei.
 
Dena den, dinamizazio kanpainek ez dute etenik eta hurrengo egunetan ere Azpeitian erosketak burutzen dituztenen artean sariak banatuko dira. Azpeitiko Udalaren ekimenez, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era, Errege Magoen Zozketa burutuko da. Herriko saltokietan kontsumitzean, zenbakidun boletoak eskuratu ahal izango dira eta Errego Magoen etorrera ekitaldian, hiru zenbaki zozkatuko dira, zenbaki bakoitzaren jabeak 500€ko erosketa bono bana eramango duelarik.