Azpeitia Txartelarekin egindako erosketak doan izan daitezke gaurtik hilaren 25era

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2018ko mar. 12a, 09:28
Bertanek, Azpeitiko Merkatarien Elkarteak, Azpeitia Txartelaren erabiltzaileei zuzenduriko kanpaina berri bat jarri du abian. Ekimen horren bidez, gaurtik martxoaren 25era Azpeitia Txartelarekin eginiko erosketak doan izan daitezke. Herritar txartelarekin egiten diren erosketen artean, elkarteko saltokietako datafonoek zuzenean batzuk aukeratuko dituzte eta horiek doan izango dira. Ordainketa egiteko momentuan jakingo da erosketa doan izan den ala ez. Guztira, 2.500 euro banatuko dira doako erosketetan.\ \ Kanpaina horren bidez, Azpeitia Txartelaren erabilera bultzatu nahi du merkatarien elkarteak. Bertan bizi eta erosteko filosofiaren sustapenerako eginiko ekimen hau aukera bikaina izan daiteke herrian erosketak egin eta, zori pixka batekin, ordaindu beharrik ez izateko.\ \ Azpeitia Txartela eskuratu nahi duenak elkarteko saltokietan, udaletxean, liburutegian, igerilekuan edo Rural Kutxaren Azpeitiko bulegoan (Foru Ibilbideko 10. zenbakian) egin dezake. Txartela doakoa da, hurrengo erosketetarako deskontuak pilatzen ditu eta inolako interesik gabe, ordainketak hiru hilabete atzeratzeko aukera ematen du.