Azpeitiko dendarien moda desfilea igandean izango da Sanagustinen

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2016ko api. 5a, 16:13
Bertan Elkartearen iniziatibaz eta Want Kooperatibaren laguntzarekin, herriko dendariak desfile bat antolatzeko lanetan aritu dira azken hilabeteetan. Esfortzu handia suposatzen du horrelako ekintza bat osatzeak baina, elkarlanaren poderioz eta indarrak batuz, desfilearen ideia egia bihurtzea posible dela erakutsi dute. Honenbestez, berriro ere moda desfileaz gozatu ahal izango da Azpeitian.\ \ Egun handia igande honetan izango da, apirilak 10, 18:00etan Sanagustin kulturgunean. Sarrera guztiz doakoa izango da; dibertsioa ziurtatuta dago.\ \ 'Bertan bizi, bertan erosi' filosofiaren baitan, herritik eta herriarentzat eginiko desfilea izango da. Herritik, bertako jendearen parte-hartzea izango dugulako; eta herriarentzat, bertakoei zuzendurikoa izango delako.\ \ Ez dira faltako musika, umorea eta kultura. Xanti Agirrezabalak zuzenduko du ekitaldia eta Ekain Ibargurenen bakarrizketak girotuko du deskantsu tartea. Gainera, bertaratzen den jendearen artean sariak zozketatuko dira, besteak beste, Hemenbuy! online plataformak jarritako otarre bikaina, erdi kaleko erakusleiho batean ikusgarri dagoena. Aurreratu ezin diren beste hainbat sorpresa ere izango dugu.\ \ Azpeitiko 18 denda izango dira desfilean parte hartu eta euren produktuak erakutsiko dituztenak: Babesa Gazte Moda, Zuri-Beltz, Ilargi, Saltoka, Kukua, Romaes, Tilin-Talan, Biur, Otola, Arrospide, Amelie, Arantxa haur jantziak, Haurtxoa, L. Xaxarki, Irene Altuna loradenda, Koket, Pipes eta Luix Beltza. Guztira, 60 modelo izango ditugu pasarela gainean desfilatzen: haurrak, gazteak eta helduak; emakume eta gizon; Azpeitian guztiontzako moda eskaintzen delako. \ \ Bertan Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie ekintza aurrera ateratzea posible egin duten erakunde eta norbanako guztiei: modelo lanak egiteko interesa agertu duten herritarrei, Zarauzko Monte Albertia estetika eskolari, Sanagustin kulturguneari, Azpeitiko Udalari eta, nola ez, Want kooperatibari.\ \ Beraz, arratsalde eder bat pasatu eta herriko dendetan aurkitu daitezkeen produktuak ikusi nahi badituzue, gerturatu Azpeitiko dendarien desfilera, igande honetan, arratsaldeko 18:00etan Sanagustin kulturgunean.\ \ (Argazkia: Eneritz Albizu)