Bertan elkartearen eta Want kooperatibaren idatzi bateratua, desfilerako modeloen deialdia dela eta

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2016ko mar. 11a, 16:14

Bertan bizi, bertan erosi filosofiak elkartu gaitu Azpeitiko Bertan Merkatari Elkartea eta Want, Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek osaturiko kooperatiba. Elkarlanean, Azpeitiko moda eskaintzaren erakusle izango den desfile bat antolatzen ari gara, herritik eta herritarrentzat. Izan ere, argi dugu bi entitateok gertutasunak, bertakoa izateak, balio erantsi bat suposatzen duela eta herri kontsumoak behar duela izan gizartearen etorkizuna.

Apaturiko desfilearen antolaketan, beharrezkoa ikusi da modeloak aurkitzeko Azpeitia eta inguruetako herrietan deialdi bat zabaltzea. Horretara bideratu da duela egun batzuk argitaratu eta, ustekabean, kritikatua izan den deialdia. Honenbestez, sorturiko gaizkiulertua argitzera zuzendu nahi genituzke hurrengo lerroak.

Modeloen bilaketarako deialdiak adin tarte batzuk finkatzen zituen, zehazki 6 eta 16 urte bitarteko haur-gazteak, eta 18 eta 35 urte bitarteko gizon eta emakumeak. Adin esparru horiek nahasmena sortu dute eta, 35 urtetik gorakoek parte hartu ezin dutela ulertuta, deialdia kritikatua izan da.

Egoera horren aurrean, lehenik eta behin eginiko akatsa onartu nahi dugu, komunikazioa ez baita argia izan. Bestetik, adierazi nahi dugu deialdia adin guztietako pertsonei irekita dagoela eta, inondik ere, ez dela diskriminaziorik egin nahi adinari dagokionean. Gertatzen dena da,  desfilean parte hartuko duten saltokiek adin zehatz bateko bezeroei zuzenduriko produktuak erakutsiko dituztela, eta modeloek ere antzeko ezaugarriak izatea komeni dela. Hortik datoz hasiera batean ezarritako eta soilik erreferentzia moduan erabiliko diren adin tarteak.

Espero dugu zalantza guztiak argitu izana. Guri akatsetatik ikasi eta hobetzeko aukera eman digu.

Beraz, modelo moduan saiakera egin nahi duten haur, gazte eta heldu guztiei berriro gure deia zabaltzen diegu. Interesatuek bertan.azpeitia@gmail.com helbidean edo 688823944 telefono zenbakian eman dezakete izena.

Bertan bizi, bertan erosi!!