Azpeitian gertatutako indarkeria matxista kasua salatu eta emakumeari elkartasuna adierazi dio Basanderiek asanblada feministak

Erabiltzailearen aurpegia Basanderiek asanblada feminista. 2021ko abu. 16a, 14:52

Ohar honen bidez, atzo, igandea, Azpeitian gertatutako indarkeria matxista kasua salatu nahi dugu, eta elkartasuna adierazi nahi diogu indarkeria pairatu duen emakumeari.

Ez da gertakari isolatu bat; izan ere, emakumeonganako indarkeria oso errotuta dago gure gizartean. Gure egunerokotasunean forma askotako biolentziak jasaten ditugu, besteak beste, etxerako bidean beldurra sentitzen dugu eta beldur horrek gure bizitzaren gaineko erabaki askeak mugatzen ditu; beste batzuentzat beldurra etxera iristean areagotzen da, edozein kasutan emakumeon bizitzak erabat baldintzatzen ditu. Gainera, indarkeria salatzen dugunean, sinesgarritasuna ukatzen zaigu maila sozialean, politikoan zein judizialean, eta horrek eragiten duen min psikologikoa eta fisikoa ikaragarriak dira, gure lekukotasuna eta bizi duguna zalantzan jartzeak indarkeria bikoizten duelako.

Zapalkuntza hori bestelako zapalkuntzekin, hala nola klase zapalkuntzarekin eta arrazakeriarekin batzen denean, biderkatu egiten da sufrimendua. Aipatzekoa da, horrelako kasuak maiz ez direla argitara ateratzen biolentziaren intentsitatea handitzen den arte, eta isilpean pasatzen dira emakume asko arrisku egoera larrietan egotera behartuz. Beharrezkoa da konplizitateak hautsi eta guztiontzat seguruak diren espazioak sortzea; indarkeria gauzatzen dutenak gure artean bizi dira, eta urruneko errealitate gisa ikusten dugun bitartean zaila izango da aldaketa gauzatzea.

Horrez gain, indarkeria ikuspuntu indibidual batetik ulertu beharrean, arazo sistematiko gisa ikustea beharrezkoa da, horren azpian dagoen sistema patriarkal eta kapitalista iraultzea delako indarkeria matxistarekin guztiz bukatzeko modu bakarra. Bide hori, ordea, ez da ausaz gauzatzen; elkartasuna, antolakuntza eta zaintza erdigunean kokatzea ezinbestekoa zaigu, emakumeon arteko ahizpatasuna landuz, elkarri babesa emanez eta elkarren berotasuna jasoz, herri justuago eta askeago batean bizitzeko.

Amaitzeko, berriro ere gure besarkadarik beroena helarazi nahi diogu emakumeari, eta indarkeria jasan duten guztiei. Emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitu!