Baigerak egin du urteko batzar orokorra

Erabiltzailearen aurpegia Baigera elkartea 2017ko api. 5a, 14:20
Joan den osteguneko batzarra. (Azpeitiko Udala)

27 bazkidek hartu zuten parte joan den ostegunean, martxoak 30, Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunen elkartearen urteroko bilkura nagusian, Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia bertan zela.

Aurreko urteetako ohiturari jarraituz, 2016an Baigerak gauzatu dituen egitasmoen berri eman zen batzarrean: ekintza kultural, aisialdi jarduera, bingo, karta joko, yoga, dantza, ibilaldi, mendi irteera, hitzaldi eta abarren berri eman zen. Horiek gauzatzeko Baigerak dituen diru sarrera eta gastuen berri ere eman zen. Hemendik aurrerako asmo eta helburuei buruz ere aritu ginen, eta bazkideen iritzi eta proposamenak jaso ere bai, bai betiko ekintza eta jardueren inguruan, baita arlo sozialean gaur egun eta etorkizun hurbilera begira somatzen ditugun beharren inguruan ere: egoitzaz, Eguneko Zentroaz, jubilatuen premiez, 80 urtetik gorako herritarrei egin zaien inkestaz, ditugun laguntzez eta etorkizunean izan dezakegun egoerari buruz aritu ginen, eta Baigera elkarteak horretan guztian duen zereginaz.

Zuzendaritza Batzorde berria

Ohi bezala, zuzendaritza berritzeko ere balio izan zuen urteko batzarrak. Honela gelditu da osatuta Zuzendaritza Batzorde berria: Jesus Olaizola lehendakari, Mari Karmen Etxaniz administrari, Patxi Alzibar idazkari, eta Kontxi Urrutia, Pello Odriozola, Olatz Arruti eta Lurdes Olaizola batzorkide.