Jubilatuen astean bizikleta ibilaldia jubilatuentzat

Erabiltzailearen aurpegia Baigera elkartea 2016ko mai. 2a, 11:52

Azpeitiko jubilatuek bizimodu aktibo eta osasuntsua izateko helburuarekin, Azpeitiko Udalak Astindu adina! astea antolatu du. Adin bakoitzari egoki dagokion ariketa fisikoak, elikadura osasuntsua eta emozio afektiboak kontuan izan dira aste hau antolatzerakoan.

Mota askotako ekintzak antolatu dira: mugikortasun saioak eguneko zentroan, monitoreak gidatuta; bolo eta toka txapelketa (Garmendipen); masaje-tailer praktikoa Baigeran; erorketak saihesteko tailerrak; Zer egin bihotz-gelditze baten aurrean tailerra Baigeran; mendi ibilaldia, ipar-martxa, bastoiekin: tailer praktikoa, bastoiak zergatik eta nola erabili. Eta bizikleta ibilaldia: Azpeitia, Lasao, Azkoitia, Azpeitia. Irteera, plaza Nagusitik 10:00etan izango da eta 12:00etan mokadutxoa Sanagustinen. Eta herrian bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere egongo da. Bizikletarik ez duenak, aurrez erreserba egin dezake, doan. Bizikleta elektrikoak Aitzaki Kirolak-ek ipiniko ditu eta alokairuzko bizikletak ere bai.

Aste honetako programa nahiko anitza eta ongi pentsatua dela deritzogu. Batek eman digu atentzioa: maiatzaren 6ko bizikleta ibilaldiak. Errepidean zikloturista jubilatu asko dabil sekulako sasoiarekin, bidegorrian ere gero eta gehiago dira bizikletaz baliatzen direnak Aizpurutxo edo Lasaotik bira bat eginez. Askok inbidiaz begiratzen dute (gaztetako BHa gogoratuz) eta bizikletarik ez duten aitzakia jarri ohi dute. Beste batzuk, etxeko edo kiroldegiko bizikleta estatikoan aspertu egiten direla diote. Guztiok dugu aukera orain, elkartu eta lagun artean ibilaldi arin bat egiteko. Bizikletan ibiltzea asko gomendatzen dute osasuntsu egoteko. Bizikleta elektrikoena ere nobedade polita da.

Ibilaldia bidegorrian izango da. Izan ere, herrian dugun bidegorria luxu bat da, inguruko herrietan inor gutxik duena, ondo zaindua eta paisaia paregabea bidean, ikuskizun ugarirekin, kanpotarrek miretsia, herritarrok eta baita bailarako turismoko arduradunek ere maiz behar adina apreziatzen ez duguna.

Oraingoan ez dago aitzakiarik. Animatu eta deitu 943150738 telefonora, eta bizikletarik ez baduzu egin erreserba bertara deituz.