Adinekoen eta biloben zaintza, jubilatuentzat?

Erabiltzailearen aurpegia Baigera elkartea 2015ko eka. 17a, 14:52
Aspalditik, ohikoa bilakatu da ikastola atarietan, haurren sarrera eta irteeretan, gurasoak baino aiton-amona gehiago ikustea. Honen arrazoiak bat baino gehiago izango dira. Bat, krisia aipatu ohi da. Izan ere, bistakoa da haurtzaindegien matrikulazioak behera egin duela ikastola atarietan jubilatuen presentzia gehitu den heinean. Bestea, gure gizarteak zaintzari buruz duen ikuspegia aipatuko genuke. Adineko ezinduen zaintza sasoiko jubilatuen gain (emakumeak gehienetan) erori da, neurri handi batean, eta biloben zaintza zer esanik ez, bien ardura izaten ez denean. Beste irtenbide batzuk bilatu eta borrokatu beharrean errazenera jo dugu: etxeko aiton amonengana. Geure erretiroa, lan aroko bizitzan egin ez genituen gauzak egiteko, geure osasuna zaintzeko eta aisialdiaz gozatzeko izan beharrean, jubilatu asko, doako neskame (gehienetan) edo morroi bilakatu gara.\ Historian zehar, zaintza lanaren erdigunea familia izan da, eta zaintza lana gurasoena (emakumearena ia beti). Emakumea etxeko eta zaintza lanetarako hezi da (hortik neskamea eta morroiaren arteko lanen bereizketa), rol hori ezarri dio gizarteak eta oso-oso zaila egiten zaio biloba edo guraso ezinduren bat etxean duenean ezetz esatea, errudun sentituko da bere buruaren eta gizartearen aurrean, nahiz eta jakin, berak ere denbora libreaz gozatzeko aukera izan behar duela, gizonak ez du horrelako arazorik izaten gehienetan, ezta seme-alabek ere aiton-amonen zaintzarekiko, aiton-amonek biloba asko zaindu badute ere.\ Bestalde, etxeko lana edo haurren eta adineko ezinduen zaintza ez da inoiz kontuan hartu, baloratu. Lan “produktiboa” bakarrik hartzen da kontuan, zaintza-lan horiek egiteko ezkutuko lan asko dagoela ahaztuta. Lan hori inoiz ez da ordaindu. Adineko asko dago (emakumeak bereziki), behin ere kobratu ez eta kotizatu ere egin ez dutenak, pentsio baxuarekin gelditutakoak. Pertsonak ere “produktiboa” izateari uzten dionean (jubilatzen denean) balorea galtzen du, gizarteak ahaztu egiten du jubilatu aurreko lan aroari esker daukagula egungo ongizatea.\ Jakina da, gainera, emakumea lan munduan sartu den maila berean ez dela gizonezkoa etxeko zereginetan inplikatu, pausoak eman badira ere. Lanaldia bikoiztu egin zaie emakume askori. Gehienetan, emakumea eta gizonezkoa diren bikoteetan, ohikoa da haurrak zaintzeko zeregina, batez ere, emakumearen gain erortzea. Gizarteak barneratua dauka hori, haurra zaintzeko gizonezkoak lana uztea arraroa egiteraino, sortzez ezgai izango balira bezala.\ Baina haurren zaintzaren eta heziketaren ardura gurasoena bada ere, gizarteak ere badu bere ardura. Gizarteak haurrak behar ditu ondorengo ongizatea bermatzeko. Gai honetan erakunde publikoen ardurak handiak dira. Gizarteari, herritar orori dagokio erakunde publikoei, sindikatuei eta enpresariei horretarako behar diren neurriak hartzeko eta bitartekoak jartzeko eskatzea.\ Lan-baldintzak eskasteak ez du asko lagundu. Gurasoek beren haurrak zaindu ahal izateko eskubidea, pribilegio bilakatu da, gutxi batzuen “pribilegio”, lan duina dutenen langile gutxi batzuen pribilegio, alegia. Lan duinak haurren zaintzaren eskubidea gauzatu ahal izateko baldintzak bermatu behar dizkio emakumeari zein gizonari, lan mundua eta familia mundua benetan bateragarri egin ahal izateko eskubidea, alegia: baimenak, lanaldi murriztuak, egutegi malguak, kanpoko pertsona bat kontratatzeko laguntza ekonomikoak…\ Gizarteak, kontzientzia hartzen doan heinean, bitartekoak ipini behar ditu eta, horretarako, zerbitzu publikoak lehenestea da bidea, kalitatezko lanpostuak eta generoaren araberako bereizketarik gabeak, sor daitezen.\ Eta azkenik, ona litzateke eskolen egutegia eta ordutegia lan munduarenarekin bateratzea, ordu eta egun gehiago eskolan egoteko aukera emanez, opor egunetan, ludotekak, musika eskolak, udalekuak, kirola, etab., egun osoan jarriaz, jangela barne.\ Amonak eta aitonak askatasunez bilobekin egoteko aukera izatea da xedea. Jubilatu askok opor garai honetan eskertuko genuke.\