Abenduaren 24an Sarek antolatutako ekitaldia izango da plazan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2020ko abe. 21a, 08:49

Aurrez eta ondoren, 18:00tan hasita 20:00ak arte, Urtarrilak 9 plazara! kanpainan parte hartzeko aukera egongo da, plazan argazkiak ateratzeko gunea jarriko baita.

Abenduaren 24an izango da Azpeitiko Sarek Gabonetarako deitu duen lehen egitasmoa. Egun horretan, 19:00etan izango da ekitaldia plazan, eta besteak beste, ikus-entzunekoak nahiz abestiak izango dira.

Gainera, 18:00etatik 20:00etara arte argazkiak ateratzeko gunea jarriko dugu, Urtarrilak 9 plazara! kanpainan parte hartu nahi dutenentzat. Senideekin, lagunekin, lantokian, kirol taldean... argazkia ateratzeko kartelak hartu eta ateratako argazkiak azpeitikosareherritarra@gmail.com helbidera bidaltzeko aukera ere badago. Azpeitiko Sarek herritar denei urtarrilaren 9ko manifestazioari babesa erakusteko ekimen horretan parte hartzeko deia egin die. Urtarrilaren 9an manifestazio handi bat egin behar dugu, mendekuan oinarritutako salbuespeneko espetxe politikari amaiera ematea eskatzeko.

Gauzak mugitzen hasiak dira. Urte luzez alor ezberdinetan eragile ugarik egindako lanak bere fruituak ematen ari da. Lehenik Frantziako Gobernuaren aldetik eman ziren urrats batzuk; tartean, Josu Urbieta Mont de Marsango espetxera gerturatu eta beste kideekin elkartu zuten. Orain Gotzon Aranburu Alacanteko espetxetik Palentziara gerturatuko dutela iragarri dute. Aurrerapauso bat izan arren, Gotzonek azpeititik 270 kilometrora urrunduta jarraitu duela ohartarazi nahi dugu. Lanean jarraitzeko une aproposa da, mugitzen ari dena are gehiago mugitzeko aukera dugulako.

Beraz, Sarek argazkiak ateratzeko, abenduaren 24ko ekitaldian parte hartzeko eta urtarrilaren 9ko manifestazioa erraldoia izan dadin ingurukoekin gaia lantzeko deia egiten dizue. Denon artean lortuko dugu!

Pow eta Gotzon etxera ekartzeko, izan bidea.