"Berandu baino lehen, Ibon eta gainontzeko preso gaixoak etxera ekarri behar ditugu"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra | Politika | Lotura
2017-10-28 11:50

Ibon Iparragirre presoaren egoera salatzeko giza-katea egin zuten herrian herenegun iluntzean, Sarek deituta. Honako testu hau irakurri zuten Azpeitiko Sareko kideek, plazan; besteak beste, Basaurin azaroaren 11n egingo den giza-katean parte hartzeko gonbita luzatu dute.

"Gaur, hemen, larriki gaixo diren presoen eta bereziki, egun bizi duen egoera lazgarriaren ondorioz, Ibon Iparragirreren etxeratzea eskatzeko batu gara. Azken egunetan jakitera eman da Ibonen bizia arrisku larrian dela, jada gutxi zituen defentsak behera egin dute eta gaur gaurkoz 20 defentsa baino ez ditu.

Abokatuek Ibonen etxeratzea eskatu dute, espainiar legedia betez, Ibonek etxean egon behar bailuke dagokion tratamendua jasotzen. Baina espainiar justiziak zein espetxe zuzendaritzak pilota elkarri pasatzen ari dira, eta oraindik, abokatuek ez dute eskariaren erantzunik jaso. Ibonen egoera, ordea, ez
da inoren erantzunaren zain egoteko modukoa. Ibonek ja! Etxean egon behar du, gizateriagatik, duintasunagatik, bere eskubidea delako eta legediak berak ere hala agintzen duelako; ez da argudiorik ez Ibon, ez eta gainontzeko preso gaixoak kartzelan mantentzeko.

Egun 13 dira kartzeletan larriki gaixo diren presoak, Mikel Arrieta oreretarra luzeegia eta krudelegia den zerrenda honetara batu ostean. Bai Eusko Jaurlaritzak zein diputazio guztiek larriki gaixo diren presoak espetxetik kanpo egon behar dutela adierazi dute gehiengo osoz. Baina baita herritarron gehiengoak ere. Gaur hemen batu garen moduan, urteak daramatzagu Bilboko kaleak betetzen, aldarri honekin eta gainontzeko salbuespen egoerekin amaitzeko eskatuz. Argi erakutsi dugu herri gisa giza eskubideen,
konponbidearen eta bakearen eraikuntzan urratsak egiteko prest gaudela, eta bide horretan salbuespen neurriak bertan behera utzi eta presoen auzia behin betiko konpontzea ezinbestekoa da. Herri hau horretarako prest dago.

Gaur hemen egin dugun moduan, gonbita luzatzen dizuegu datorren azaroaren 11n Basauriko kartzela eta osasun etxea batuko dituen giza-katean parte hartzera. Berandu baino lehen, Ibon eta gainontzeko preso gaixoak etxera ekarri behar ditugulako, azaroaren 11n 12:00etan Basaurin elkartuko gara".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa