Kirol eta kultur ekimenak dataz edo orduz aldatu dira Bilboko manifestazioari itzalik ez egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2016ko urt. 7a, 11:25

Urtarrilak 9 egun seinalatua da hasi berri dugun egutegian. Azpeitiko Sarek euskal preso eta iheslarien eskubideen alde herri oso bat mobilizatzea izan du helburu, herri oso batek larunbat honetako data borobilduta izatea izan du helburu.

Herritarron indarra Bilbon erakutsi beharra dago. Kioskoa bezalako harritzarra mugitzeko erabili genuen indar guzti hori erakutsi beharra dago. Norbanako bakoitza ez da norbanako hutsa, ezinbestekoa baizik.

Horregatik oso garrantzitsua ikusten zen Bilbora joatea eragotzi zezaketen jarduerak dataz edo ordutegiz aldatzea. Bilbora joan nahi duen inor joan ezinik gera ez zedin. Kirol elkarte eta kultur eragile ezberdinekin hartu-emanean jarri gara, eta denek oso modu positiboan erantzun dute. Hainbat ekimen dataz edo orduz aldatu dituzte, Bilboko manifestazioari itzal ez egin eta herritarrak Bilbora joatea ahalbideratuz.

Ezaguna da Azpeitiko kirol eta kultur aniztasuna baina are ezagunagoa da urte osoan erakusten duten elkartasuna eta oraingoan ere ez dute hutsik egin. Benetan eskertuta gaude beraiekin.

Denon beharra dago, denok egon gaitezen. Larunbatean, Urtarrilak 9, Bilbon ikusiko gara.

Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea.