Udaberrian garaikideak: Azpeitiko udal musika ...

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Musika Banda | Argazkia
2017-04-06 20:02

Udaberrian garaikideak

Datorren igandean, apirilak 9, 13:00etan Soreasu antzokian, Azpeitiko udal musika bandak kontzertua eskeiniko du “Udaberrian garaikideak” izenburupean.

Udaberrian murgildu gara, negua atzean utzi eta urtaro berriari bide emanez. Bandak ere bide hori hartu du oraingoan, negu partean izaten diren festetako tradiziozko abestiak atzean utzi eta musika berrien aldeko apustua eginez, konposatzaile garaikideen musikaz osatutako kontzertu borobil eta eder bat prestatuaz.

Garaikide hitzak gure garaikoa esan nahi du eta kontzertua osatzen duten abestien egileak gure garaikoak direla esan dezakegu. Fanco Cesarini, Jose Rafael Pascual-Vilaplana, James Barnes, Bert Appermont, Philip Sparke eta Xabier Zabalaren konposizioak eskeiniko dizkizuegu, mundu mailan oso ezagunak dira beraien bandarako eta bestelako konposizioengatik.

Kontzertuan joko diren musika pieza guztiak haize talderako idatziak dira, ez dira abesti ezagunen moldaketak, Zirkorrika salbu, orkestrarako idatzi eta bandara moldatutako partiturak baitira.

Hemen duzue egitaraua bandako zuzendari Unai Frantsesenak azalduta:

•“Alpina Fanfare”
Franco Cesarini (1961,Bellinzona-Suitza) konpositoreak idatzitako fanfarea, alpe mendietan oinarritua, sarreran “Alphorn” alpeetako tronpa gogora ekarriko digularik. Fanfare estiloko musikak haize-metalezko instrumentuak eta perkusioa erabiliz egiten diren musika piezak dira, gehienetan iraupen laburrekoak eta agintarien etorrerak, festa eta kirol jardueren hasierak adierazteko erabiltzen direnak.

•“Encuentros”
Jose Rafael Pascual-Vilaplana (1971, Muro-Alakante) Bilboko bandako zuzendari denak enkarguz idatzitako pasodoble kontrabandista bat dugu honako hau, “Comisión Organizadora de los I Encuentros Nacionales de Comparsas y Filaes de Contrabandistas” elkarteak, 2004garren urtean Ontinyent herrian egin zuen kontrabandisten konpartsen festarako.

•“Alvamar Overture”
James Barnes (1949, Hobart-A.E.B) konpositoreak enkarguz idatzi zuen obertura hau 1981ean. Obertura izeneko musika pieza, hasiera batean behintzat, opera baten hasieran jotzen zen sarrera gisa, operan erabiliko ziren melodien laburpen moduko bat zelarik. Oberturak hiru zati izaten ditu, melodia azkarra, melodia mantsoa eta melodia azkarra. Estruktura hau jarraitzen duten musika piezei obertura izena jartzen zaie gaur egun, naiz eta operarekin zerikusirik ez izan.

•“Air for winds”
Andre Waignein (1942, Mouscron-Belgika) musikariak bandarako idatzitako melodia lasai eta goxo bat dugu honakoa, Jazz harmoniaren ikutuak dituena.

•“Jericho”
Bert Appermont (1973, Bilzen-Belgika) musikagileak, itun zaharreko pasarte batean oinarrituta idatzi zuen obra hau. Bertan judutarrak egiptotik aldegin eta 40 urteetako exilioaren ondoren Kanaan lurraldera iristen dira, Jeriko hiria indarrez hartu nahi dute eta borroka bat izaten da, azkenean musikaren laguntzaz hiriko harresiak botatzen dituzte eta judutarrak garaile suertatzen dira. Hau dena musika pieza batean isladatu du egileak.

•“A Klezmer Karnival”
Philip Sparke (1951, London-Erresuma Batua) maisuak judutarren “klezmer” musika tradizionaleko 3 melodia uztartu ditu honako musika pieza alai honetan. “Klezmer” musika europa ekialdean sortutako musika dugu, herriz herri zebiltzan kale musikariek sortua, judutarren ezkontza eta ospakizunetan erabiltzen dena.

•“Zirkorrika”
Xabier Zabala (1967, Zarautz) musikariak 20. Korrika euskal festarako idatzitako abestia da, Uxue Alberdiren (1984, Elgoibar) hitzekin osatua. Korrika eta zirkoa nahasten dira bertan eta europa ekialdeko balkanetako musikan inspiratua dago abestia. Bandarako moldaketa Unai Frantsesenak egin du.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa