Musika Bandak behar zaitu!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Musika Banda 2016ko mai. 6a, 09:56
Dagoeneko jakingo duzuenez, Azpeitiko Udal Musika Bandak 150 urte bete ditu aurten. Hori dela-eta, hainbat egitasmo ari gara egiten, eta horien artean liburua osatzen ari gara.\ \ Liburuak hainbat atal izango ditu. Lehenengo atalean, 150 urte horietako gure historia jaso nahi dugu. Horretarako, historia kronologikoaz gain, gaika kontatuko dugu gure historia.\ \ Hala ere, historia bezain garrantzitsuak dira istorioak, eta gure istorioak ere jaso nahi ditugu. Musika banda, edo bandakideak, protagonista dituzten istorioak, istorio xelebreak, barregarriak,serioak... bildu nahi ditugu. Istorio horiek idatzi egingo ditugu eta inork sinatu gabe aterako dira.\ \ Liburua osatzeko argazkiak aukeratzen eta biltzen ere ari gara. Eta norbaitek etxean bandarekin lotutako argazkirik izango balu, gustura hartuko genituzke.\ \ Bandaren inguruan jendeak idaztea ere nahiko genuke. Ez dugu nahi talde baten izenean inork idazterik: nahiz eta herriko talde batekoa izan, norberak sinatuta nahiko genituzke kolaborazio horiek. Kolaborazio horietan ez dugu nahi bandaren garrantzia, edo banda zein ona den, edo zein ondo jotzen duten, edo horrelakorik. Bueno, horrelakoak ere ondo etorriak izango dira, baina gehiago interesatzen zaizkigu bizipenak, sentipenak, pentsamenduak. Momentu zehatz bat... Edo idazten abila den baten batek ipuin bat idatz dezake, edo... Zerbait sortzailea nahi genuke. Hala ere, ez dugu inor beldurtu nahi, eta jendea animatu nahiko genuke idaztera.\ \ Horregatik, laguntza eskean gatorkizue:\ \ - Ba al daukazue etxean bandarekin lotura duen argazki zaharrik? Agian, zure aitonak jotzen zuen bandan eta hor daukazu, argazki zahar batean. Asko eskertuko genizuke argazki hori (edo beste batzuk) uztea.\ \ - Musika banda, edo bandakoren bat protagonista zuen pasadizorik ezagutzen al duzu?\ \ - Zu al zara Txarrantxatik atera eta arrautzak bota zenizkiguna? Lasai, ez dugu nahi anonimatotik ateratzea. Baina idatz dezakezu zer dela-eta egin zenuen hori, edo zer pentsatu zenuen, edo... Nahi duzuna.\ \ - Bandak diana jotzen duen bakoitzean \"hurrengoan baldekada ur botako diet!\" pentsatzen al duzu? Idatz dezakezu horren inguruan ipuitxo bat.\ \ - Antitaurinoa zara, baina bandaren paseilloak emozionatu egiten zaitu?\ \ - Bandan jotzen zenuen aspaldi batean eta baduzu behin eta berriz gogoratzen duzun anekdotarik?\ \ Horrelako istorioekin, bizipenekin, sentipenekin, emozioekin osatu nahi dugu liburua.\ \ Azken batean, banda, eta musika, hori baita: bizipenak, sentipenak, emozioak, istorioak.\ \ Asko eskertuko dizugu parte hartzea. Horretarako, azpeitikobanda150urte@gmail.com helbidean edo 652-762 851 telefono zenbakira idatzi edo dei dezakezu. Bandako kideren bat ezagutzen baduzu, berarekin ere jar zaitezke kontaktuan. Eskerrik asko.\ \ Animatu!