Azpeitiko Musika Bandaren maiatzeko kontzertua

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Musika Banda 2013ko mai. 10a, 08:56
Bihar, zapatua, Azpeitiko Musika Bandak kontzertua eskainiko du Sanagustin Kulturgunean, 19:00etan hasita. Asteburu musikalen baitako kontzertua izango da.\ \ Oraingo honetan kontzertuko bi kanta irudiz lagunduko ditugu, 'Star Wars' sagako eszenak eta 'Cuadros de una exposicion' obra inspiratu zuten koadroak proiektatuko baititugu musikari laguntze aldera. Horiez gain, mendebalde bakeroko suit bat, pasodoble bat, cha-cha-cha erritmoko kanta bat, cocktelerako abesti bat eta 'Benny Hill Show'-ri esker ezaguna egin zen 'Yackety Sax' kanta eskainiko dizkizuegu.\ \ Kontzertua gustukoa izango duzuelakoan denok gonbidatuak zaudete bertara. Animatu!\ \ Jarraian Unai Frantsesena bandako zuzendariak obren inguruan emandako azalpenak :\ \ Kontzertua 'Miguel Abellan, un torero sin igual' pasodoblearekin hasiko dugu. Miguel Martin Fernandez musikari espainiarrak egindakoa da, eta 2003ko apirilaren 5ean estreinatu zen, Madrilgo Plaza de las Ventas zezen-plaza ospetsuan.\ \ Ondoren Alfredo Casella (1883-1945) konposatzaile italiarraren 'Cocktail's Dance' abestia izango dugu. 1918an pianorako konposatu zuen, eta bandarako moldaketa Wolfgang Wossner alemaniar musikariak eginikoa da.\ \ Modest Moussorgsky (1839-1881) errusiarraren konposiziorik ezagunena izango dugu jarraian: 'Cuadros de una exposicion'. 1874an sortu zuen pianorako 15 zatiz osaturiko 'suite' hau, bere lagun zen Victor Alexandrovich Hartmann artista eta arkitektoaren omenez. 1873an hil zen eta bere margolan, idatzi eta proiektuak hartu eta 'musika marraztu' nahi izan zuen bere lagunaren margo erakusketaren deskribapen musikatu bat eginez. Suite hau Maurice Ravel musikariak eginiko orkestrarako moldaketari esker da ezaguna, munduko orkestra gehienetan errepertorioko musika pieza da-eta. Guk joko dugun moldaketa askoz xumeagoa eta motzagoa da, eta Jim Curnow estatu batuarrak eginikoa da. Bertan suiteko 6 zati izango ditugu: 'Erakusketan ibilaldia', 'Gaztelu zaharra', 'Idi gurdia', 'Txita jaio berrien baleta', 'Baba Yaga etxola' eta 'Kieveko ate handia'.\ \ 'Star Wars' filmeko soinu banda izango dugu ondoren. Musika aski ezaguna da John Williams (1932- ) konposatzaile estatubatuarrak eginikoa. Zine munduko musikaririk ezagunenetarikoa da, eta bereak dira 'Superman', 'Indiana Jones', 'E.T.', 'Jurassic park' eta beste hainbat filmen musikak. Bere lana 5 Oskarrekin saritua izan zen eta 47 aldiz izendatu dute. Bandarako moldaketa Johan de Meij holandarrak egina da.\ \ Ferde Grofe (1892-1972) estatubatuarrak 1931ean eginiko 'Grand canyon' suiteko 'On the trail' izeneko zatia joko dugu gero. Sortaldeko paisaiak, dilijentziak, bakeroak... ekarriko dizkigu gogora. Bandarako moldaketa David Bennet estatubatuarrak egindakoa da.\ \ Musika dantzagarriak 'Frenesi' abestiarekin etorriko dira. Alberto Dominguez (1907-1975) musikari mexikarrak sortu zuen cha-cha-cha hau marimbarekin (xilofonoa) jotzeko, baina laster ezagunago egin zen abestutako bertsioarekin. Bandarako moldaketa Naohiro Iwai japoniarrarena da.\ \ Bukatzeko Benny Hill komiko britainiarrak ezagun egin zuen abestia eskainiko dugu, eta aski ezaguna da bere programa guztietan jartzen zuelako: 'Yackety Sax'. 1963an grabaturiko abestia da eta bere egileak Boobs Randoph eta James Rich dira. Bandarako moldaketa Hardy Schneiders alemaniarrak egin du.\ \ ---\ Azpeitiko Musika Banda. Sorrera: 1895. / Plaza Txikia 1, 4, azpeitikobandie@gmail.com / Herriko bandaren lehenengo aztarna XIX. mendekoa da. / Gaur egun partaidetza handia du herriko festetan-eta. / 2007tik zuzendaria Unai Frantzesena da. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak