Literatura, istorio harrigarriak eta giro ederra, Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakian

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Udal Liburutegia 2017ko api. 27a, 17:20

Atzo, hilak 26, goizean zein arratsaldean ospatu zuten Liburuaren Nazioarteko Eguna Azpeitiko Udal Liburutegian, egun horren harira antolatutako ekintzekin jarraituta.

Goizean Azpeitiko Udal Liburutegiko Irakurketa Errazeko bi taldeen txanda izan zen. Biharko eguneko zentroko eta Goienetxe Fundazioko kideak elkartuta, On Kixote Mantxakoa liburuaren irakurketa "sinbolikoa" egin zuten aurrena, eta ospakizuna borobiltzeko hamaiketako egin zuten. Jatekorik ez zen falta izan, eta patata tortilaren, urdaiazpikoaren eta txorizoaren inguruan kontu kontari zebiltzala, kantatzeko gogoa piztu zitzaien liburutegian bildu ziren lagunei. Hala, kantuan aritu ziren mahai inguruan, giro eder eta alaian.

Arratsaldean, berriz, Ipuinaren Ordua izan zen Udal Liburutegian, txikienei zuzenduta. Axenek istorio harrigarriekin gozarazi zituen bertaratu ziren haurrak, eta horiek adi-adi entzun zituzten Axenek kontatutakoak.

Gaur, osteguna, urrestildarren txanda izango da. Hilero bezala, Udal Liburutegiko langileek liburutegi zerbitzua eskainiko dute 17:30etik 19:00era, Urrestilako balio anitzeko gelan. Bertan, liburutegiko liburuak, pelikulak eta bestelako dokumentuak maileguan hartzeko aukera izango da, eta berezitasun bezala, eskulan tailerra eskainiko dute gaztetxoei zuzenduta.

Ekintza gehiago, maiatzean

Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an izan bazen ere, maiatzerako hainbat egitasmo prestatu ditu Udal Liburutegiak. Hala, maiatzaren 3an ipuin kontaketa eskainiko dute 4 urteko haurrentzat, 18:00etan hasita. Maiatzaren 5ean, aldiz, Liburutegia kalera, azpeitiar idazleak plazara egitasmoa izango da. Egun horretan, liburutegiak azpeitiar idazleen hainbat liburu aterako ditu plazara, azpeitiar idazleak herrian ezagutaraztea xede.