Birziklapen datuak ezbaian

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ | Politika | Artikulua
2018-05-24 11:44

Azpeitiko Udaleko EAJren udal taldeak gutuna kaleratu du, herrian martxoan jasotako behin betiko birziklatze datuak direla eta. Datuok "positiboki" baloratu dituzte jeltzaleek, eta "asko pozten" direla azaldu dute, baina hainbat proposamen egin ditu EAJren udal taldeak birziklapen datuak hobetzeko bidean.

Azpeitiko Udalak jakinarazi digunez, hondakinak biltzeko sistema berria ezarri denetik %71ko birziklatze tasa lortu da. Hausnarketa sakon bat egiteko goizegi dela iruditzen zaigu, baina, hasteko, zalantzarik gabe, datua oso positiboa da eta asko pozten gara.

Datu horien inguruan pare bat gauza esan nahiko genituzke:

  • Birziklatze tasa egoki bat lortzeko beste sistema batzuk beharrezkoak ez zirela garbi gelditu da, hasieratik defendatu dugun bezala.
  • Herriarentzat estrategikoak diren erabakietan Udalarekin elkarlanean aritzeko egin dugun apustuaren balioa azpimarratu nahi dugu. Zentzu horretan adostu genuen egungo sistema, 2013ko maiatzaren 7an. Bai, orain dela bost urte izan zen, Udaleko alderdi guztien onespenarekin (Bildu, EAJ eta Hamaikabat). Beraz, Udalaren egitasmoa gurea ere bada, eta azpeitiar guztion mesederako izango da hasiera bikain honi aurrerantzean ere jarraipena ematea, eta, zergatik ez, hobetzen saiatzea. Horretarako, herritarrei ahalik eta gehien erraztu behar zaie birziklatzera animatzeko deia.

Bide honetan, gauza batzuk zuzendu egin behar direla iruditzen zaigu eta proposamen hauek egiten dizkiogu Udalari:

  • Herritarrei birziklapena erraztea. Material mota batzuk Garbigunera edo Lapatxera eramatea eskatzen dute, eta hori deserosoa da, zer esanik ez bakarrik bizi diren nagusienentzat. Horren aurrean, neurriren bat hartu beharko litzateke, tartean behin furgoneta edo kamioi bat herrira gerturatzea esaterako.
  • Landa eremuetan edukiontzi marroiak jartzea beharrezkoa ikusten dugu, batez ere, baserritarrak konposta egitera derrigortuta daudelako, eta edukiontzirik ezean, arratoi kopuruaren ugalketa eman daitekeelako; dagoeneko baserritar batzuek azaldu digute arazo hori dutela.
  • Industria guneetako birziklapena egoki bideratu behar da. Datu positibo hauen atzean puntu ilun bat dago, eta hori industria guneetako zaborren kudeaketa sistema da; edo sistema eza hobeto esanda, toki batzuetan zaborra nora bota ez baitute, eta besteetan, ez dituzte jaso ere egiten. Beraz, zabor sortzaile handienek arazoak badituzte, zein da gaika jasotako hondakinen benetako ehunekoa? Denetarik agertzen hasi da edukiontzi pribatuetan. Lantegietan sortutako zaborraz gain, batzuek edukiontzi horiek erabiltzen dituzte altzairua, pneumatikoak eta denetarik bertara botatzeko. Egoera hori kontrolatu eta zabor horiek egoki bideratu behar direla azpimarratu nahiko genuke, herriko txoko guztiak mantendu behar baitira duintasunez, ez ikusten direnak bakarrik.
  • Edukiontzietako materialaren egokitasuna aztertu beharko da, dagoeneko hainbat eta hainbat puskatu baitira.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa