Azpeitiko EAJk Soreasu eta Landeta berregokitzea aztertzea eskatu dio Udal Gobernuari

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2017ko abe. 11a, 15:35

Biharko udalbatzarrean hartuko da 2018rako udal aurrekontuen gaineko erabakia, eta EAJk Udal Gobernuari berriz eskatu dio Soreasuko eta Landetako guneen berregokitzea aztertzeko.

2017. urtea amaitzen ari da eta Azpeitiaren etorkizunerako eta garapenerako garrantzitsua den unean aurkitzen gara. Arlo horretan, herriarentzako onura bilatuz beti ere, hainbat eskaera egin ditugu aurrekontuei begira.

Bada alor garrantzitsu bat asko arduratzen gaituena, eta ez dena beste behin kontutan hartu aurrekontuetarako. Soreasuko eta Landetako guneen berregokitzeaz ari gara hitz egiten. Badakigu zailtasun handiko proiektuak direla, baina ezin dugu horregatik besoak gurutzatuta ezer egin gabe gelditu. Soreasuko guneak erreka eta mendia dituela oztopo nagusi berregokitze horretarako. Hori jakina da, baina hor daukagun kulturgunea bezalako ekipamendu potente batek bere ingurua bukatzea eskatzen du. Soreasuri erakargarritasun erresidentziala emateko hortik hasi behar da. Joan zen urtean gure eskaera nagusiena izan zen, eta urtebete pasatu ondoren, egoera berberarekin egin dugu topo. Hori dela eta, berriro ere egiten dugu eskaera. Uste dugu ez dela asko ikerketa bat egitea eskatzea; ingurua berregokitzeak borondate politikoa eskatzen du.

Gure ustez, Udal Gobernuak ezin du jarraitu lan hauek egiteak suposatzen duen zailtasunari begira, ezer ez egiten jarraitzea erabakitzeko. Ez dakigu zer eta nola egin ahalko den gune horietan, baina horretarako daude teknikoak, eta horregatik eskatzen diogu Udal Gobernuari aurrekontuetan gune horietan zer egin daitekeen aztertzeko ikerketa batzuk egiteko diru partidak gehi ditzan. Gainera, gure ustez, garapen industriala dela-eta zabaltze gune berriak egiteari ekin baino lehen, aurretik bertan daukagunari balioa eman beharko litzaioke.

Lehentasunezko gaia ikusten dugu Landetako industrigunea berregokitzea. Bertan ez da urbanistikoki esku-hartzerik egin garapenaren urteetatik, eta krisiaren ondoren, ekintza publiko-pribatu irmo bat egin behar da. Aztertu egin behar dugu erabilpenik gabe dauden pabiloiekin zer egin, azpiegitura berriak planteatu, etorkizuneko ezarpenak ekar ditzakeen beharrei erantzuteko aparkalekuak egin... Ez gara konformatzen gaur egungo langabezia tasarekin, murriztu egin behar dela uste dugu, eta horretarako, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak esku artean dituzten sustapen ekonomiko industrialerako programa ezberdinekin kontatzea proposatzen dugu. Baina, horretarako, lehendabiziko pauso irmoa Udal Gobernuak eman behar du.