Azpeitiko EAJren gutuna: 'Azpeitiko Batzokiari egindako erasoa'

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2017ko eka. 2a, 12:54

Gauak ematen duen estalkiaz eta anonimotasunaz baliatuz, "bisitariak" izan ditugu Azpeitiko batzokian, eta bi ekimen gauzatu dituzte: alde batetik, aurreko fatxadan pintura bota dute eta, atze aldeko fatxadan, berriz, pintaketak egin dizkigute. Ez da lehenengo aldia, eta zoritxarrez, iruditzen zaigu ez dela izango azkena ere. Aurreko egunetan beste hainbat herritan egin direnen antzeko gertakizunak dira. Herria bizirik. EAJ EH-tik kanpora dio pintadak. Zeren ondorio dira edo zergatik esaten da hori?

Beti bezala, eta egileen koldarkeria agerian utziz, inor ez da pintada horren egile agertzen. Baina estiloa beti-betikoa da, azken berrogeita hamar urteotan beren iritzia eta ideiak bakarrik direla zuzenak pentsatu izan dutenena, eta horren arabera jokatu izan dutenena.

Garai berriak omen ditugu Euskal Herrian. Bada, badirudi batzuek oraindik ez direla horretaz ohartu, edo komunikazio-kanalak pattal samar dabiltza. Ez zaigu iruditzen pintadak eta horrelako baliabideak erabiltzea bide demokratikoekin bateragarria denik, eta are gutxiago garai berrien adierazle denik. Gauzak aurrez aurre adierazi behar dira, egun argitan, eta ez gauaren iluntasunean.

EAJ aspaldi sortu zen Euskal Herrian. Azpeitian bertan, orain dela 110 urte. Eta urte hauetan guztietan, Euskal Herriaren alde aritu da, Euskal Herria osatzen, hezurmamitzen, gauzatzen, bideratzen eta arrakastara eramaten. Euskal Herrian ondo sustraituta ditu bere erroak gure Alderdiak. Eta Euskal Herriak —pintaden egile horiek hitzetik hortzera erabiltzen duten Euskal Herri horrek— bere konfidantza ematen jarraitzen digu sarri-sarri egiten diren bozketa demokratikoetan. Beraz, gauzak ondo egiten ari garen seinale. Garai batean, alde batekoek eraso gintuzten; azken urteotan, beste alde batekoek, teorikoki aberriaren alde ari direla esaten dutenek. Gure Alderdiaren betiko zoritxarra: bi aldeetatik erasoak. Horrek esan nahi du bide onetik goazela, gauzak ondo egiten ari garela, eta bide horri jarraitu behar diogula.

Kultuar demokratiko eza adierazten dute gaur gaueko pintaketa horiek. Ezkutuka ari denak zerbaiten beldurra edo lotsa du. Ez da pertsona garbia. Gauzak aurrez aurre agertu behar dira, arrazoiak eman, eztabaidatu, bestearen ikuspuntuak entzun eta ulertzen saiatu, erdi bidera iritsi... Eta hori guztia hankaz gora doa ezkutuka arituz gero.

Tinkotasun osoz salatu eta gaitzetsi nahi dugu gaur gauean Azpeitiko EAJ-PNVk jasan duen erasoa, eta bide batez, pintaketen egileei eskatzen diegu aurrerapausua eman dezatela, jadanik zaharkituak geratu diren metodoak erabiltzeari utz diezaietela, gainerako herritarrok erabiltzen ditugun metodo demokratikoetara etor daitezela, eta Euskal Herria aurrera ateratzeko bidean, gauza izan daitezela denon artean adostutako erabakiak onartzeko, eta horien alde lan egiteko, elkarbizitza garrazten eta hondatzen duten jarrera eta ekintzak alde batera utzita.