Gorka Gomez legazpiarrak irabazi du 2023ko Udazkeneko Argazki Rallya

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2023ko aza. 15a, 10:01
Gorka Gomezen bilduma irabazlearen argazki bat. (Gorka Gomez)

Jose Luis Rodriguez eta Jose Angel Amutxastegi sailkatu dira bigarren eta hirugarren postuetan, Igor Froilan izan da herriko lehen sailkatua, eta Jose Vengasen argazki bat izendatu dute rallyko onena. Zapatu honetan, bildumen proiekzioa eta sari banaketa egingo ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak.

Legazpiko (Gipuzkoa) Gorka Gomezek irabazi du Udazkeneko 33. Argazki Rallya. Alaitz Ruizek, Arbil Iciar Manterolak eta Pilar Aguayok osatutako epaimahaiarentzat, Gomezen bilduma izan da aurten aurkeztutakoen artean onena, eta harentzat izango dira lehen sariari dagozkion 150 euroak eta garaikurra. Bigarren bilduma onenaren saria Jose Luis Rodriguezentzat izango da (125 euro eta garaikurra), eta Jose Angel Amutxastegik jasoko du hirugarren saria (100 euro eta garaikurra).

Sailkapen nagusiko sariez gain, beste bi ere banatuko ditu Udazkeneko 33. Argazki Rallyak: herriko lehen sailkatuarena (90 euro eta garaikurra) Igor Froilanentzat izango da, eta Jose Vengasek jasoko du rallyko argazki onenaren saria (60 euro eta garaikurra).

Joan den azaroaren 5ean jokatu zen aurtengo Udazkeneko Argazki Rallya. Hainbat herritatik etorritako argazkilariak izan genituen gure artean: Legazpi, Zestoa, Donostia, Lazkao, Idiazabal, Zumaia, Urretxu, Abadiño, Durango, Zalla... Guztira 25 argazkilarik parte hartu zuten bertan, tartean bi emakume; ea hurrengo urterako gehiago animatzen diren.

Proiekzioa eta sari banaketa

Urtero bezala, lehiaketara aurkeztutako argazki guztien proiekzioarekin eta sari banaketarekin itxiko du aurten ere Udazkeneko Argazki Rallya Azpeitiko Argazki Elkarteak.

Larunbat honetarako, azaroaren 18rako, jarri dugu horretarako hitzordua, 18:30ean, argazki elkartearen egoitzan (Dinamoa sormen egunea, Soreasu). Denok zaudete gonbidatuta.