Azpeitiko Argazki Elkarteak eta udalak sarean jarri dute Pepe Gilen argazki artxiboa

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2023ko urr. 10a, 11:26
Sofia eta Juan Carlos de Borbon, Loiolan. (Pepe Gil)

Azpeitiko historiaren hamarkadak eta gertaera garrantzitsuenak biltzen ditu artxibo honek, 60ko hamarkadaren amaieratik 2004ra bitartekoak. Argazki Elkarteak eta Azpeitiko Udalak Pepe Gilen artxiboa herritar guztientzat eta eskualdetik kanpo bizi diren azpeitiarrentzat eskuragarri jartzeko konpromisoa hartu dute.

Azpeitiko Argazki Elkarteak, Azpeitiko Udalarekin lankidetzan, Pepe Gil zenaren argazki artxiboa digitalizatu eta Interneten jarri dute, Flickr webgunean, hain zuzen

Azpeitiko historiaren hamarkadak eta gertaera garrantzitsuenak biltzen ditu artxibo honek, 60ko hamarkadaren amaieratik 2004ra bitartekoak. Bilduma honek gai ugari biltzen ditu, besteak beste, herri kirolak, zezenketak, festak, herrian egindako lanak, erlijio ospakizunak eta prozesioak, jende nabarmenari egindako omenaldiak, sari banaketak, kirol ekitaldiak –hala nola futbola, pilota eta txirrindularitza– musika ikuskizunak edo leku enblematikoen inaugurazioak.

Argazki Elkarteak eta Azpeitiko Udalak Pepe Gilen artxiboa herritar guztientzat eta eskualdetik kanpo bizi diren azpeitiarrentzat eskuragarri jartzeko konpromisoa hartu dute. Irudi horien digitalizazioaren eta katalogazioaren bidez, argazkien epe luzerako kontserbazioa eta etorkizuneko belaunaldientzako eskuragarri egotea ziurtatuko da. Gainera, interesa duen edonork, kalitate handiko irudiak deskargatu ahal izango ditu klik bakar baten bidez.

Oraingoz, mila argazki baino gehiago argitaratu dira; pixkanaka irudi berriak gehitzen jarraituko dugu, eta horren berri ere emango dugu.

Pepe Gilen artxibora sartzeko esteka albiste honen amaieran duzue. Honi guztiari buruz zerbait gehiago jakin nahi izanez gero, berriz, Argazki Elkartearekin edo udalarekin jar zaitezkete harremanetan.

Pepe Gil artxiboa ikusi