Geoparkean ikus daitezkeen hegaztien argazki erakusketa iritsiko da Azpeitira

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2023ko ira. 25a, 11:14
Okil handia. (Geoparkea)

Oliver Perez eta Imanol Manterola argazkilari zumaiarren lanekin osatutako erakusketa izango da Betharram erakusketa aretoan, urriaren 2tik 15era.

Euskal Kostaldeko Geoparkean ikusi daitezkeen hegaztien argazki erakusketa jarriko dute ikusgai Azpeitian. Hurbil dituzu, behatu baino ez duzu izeneko erakusketa da Geoparkeko kideek prestatu dutena, eta urriaren 2an irekiko dute. 

Imanol Manterola eta Oliver Perez dira Azpeitiko Betharram erakusketa aretoan ikusgai egongo diren hegaztien argazkien egileak. Erakusketa datorren astelehenetik, urriak 2tik 15era bitartean egongo da zabalik, eta Azpeitira eraman ahal izateko Azpeitiko Argazki Elkartearen laguntza izan du.

Erakusketak geldialdi bat proposatzen digu lasaitasun pixka bat hartu eta ingurura begiratzeko eta gertu dugun horretan arreta jartzeko. Pausaldi bat baino ez digu eskatzen: adarren artean, gure begien aurrean airea zeharkatzen duenari, basoa zein gure etxetik hurbil dagoen parkea kolorez betetzen duenari begiratzeko. Izan ere, argazkietako txoriak ez dira apartekoak, oso ohikoak dira gure inguruan, hortik dator izenburua: Hurbil dituzu, behatu baino ez duzu.

Astelehenetik ostiralera 18:00tatik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 14:00etara izango da ikusgai.