Udaberriko Argazki Rallya, euri eta laino artean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea | Kultura | Artikulua
2018-04-09 12:32

Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat argazkilarik hartu zuten parte atzoko rallyan. Honako gai hauek landu behar izan zituzten parte-hartzaileek: Erretratoa, udaberriko koloreak, ura, kirola eta zezen plaza. Maiatzaren 5ean egingo dute sari banaketa. 

Atzo, hilak 8, izan zen Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) antolatutako Udaberriko Argazki Rallya. Iaz eguraldiak zertxobait lagundu bazuen ere, atzokoan euri eta laino artean aritu behar izan zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat txokotatik bertaratutako argazkilariek. Eguraldiari aurre hartu, eta irudiak hartzeko behar bezala prestatuta etorri ziren parte-hartzaileak. 

Urnietako, Donostiako, Barakaldoko, Durangoko, Zallako, Bilboko, Azkoitiko, Zestoako, Arroako eta noski, Azpeitiko argazkilariek hartu zuten parte atzoko sariketan. Goizean ekin zioten egin beharreko lanei. Antolatzaileek honako gai hauek jarri zizkieten argazkilariei: Erretratoa, udaberriko koloreak, ura, kirola eta zezen plaza. Irudiak atera ez ezik, epeletan sartzeko eta indarrak biltzeko hamaiketakoa egin zuten  kiroldegiko tabernan.

Probara animatu ziren lagunek gai bakoitzeko argazki bat aukeratu beharko dute, eta argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte irudiak apirilaren 15a baino lehen. Aukeratutako argazkiekin batera, partaide bakoitzaren izen-abizenak eta parte-hartzailearen zenbakia jarri beharko dira. Horrez gain, komeni da argazkiak horizontalak edo bertikalak diren adieraztea.

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 6an izango da, baina lekua zehaztea falta zaie AAEko kidei. Bertan, sari banaketa egiteaz gain, udaberriko rallyko parte hartzaile guztien argazkien proiekzioa eskainiko dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa